Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako foru-diputatu Ainhoa Aizpuruk, Ekonomia Sustapeneko Antton Tomasena eta Berrikuntzako Garikoitz Agote zuzendariak lagun zituela, bere Departamentuaren oinarrizko jarduketa-lerroak azaldu zizkien bertaratuei, “Gipuzkoako susperraldi ekonomikoa bermatzeko”, hori lehentasuna baita Aldundiko gobernu- taldearentzat.
Plan horren bidez Gipuzkoako ekonomia sustatu nahi da, eta lurraldearen lehiakortasuna indartu, gipuzkoar gizartearen ongizate-mailetan aurrera egiten jarraitzeko funtsezko alderdi gisa. Ildo horretan, Ekonomia Sustatzeko 2016rako Planak enpresa-ehun gipuzkoarraren eraldaketa sustatuko duten zenbait laguntza-programa aurreikusten ditu, eta espezializazio adimendunaren, nazioartekotzearen eta jarduera berrien garapenaren aldeko apustua egiten du.
Ildo horretan, foru-arduradunek azpimarratu zutenez, 2016 Planak enpresa txikietan du bereziki ardatza –Gipuzkoako enpleguaren % 40 dira–, baina ahaztu gabe kasu askotan trakzio-lanak egin ditzaketen tamaina handiagoko enpresak, eta ekintzaileak.
Aldundiak bost helburu estrategiko ezarri ditu, horien artean lehiakortasuna indartzea; enpresak lurraldean errotzera bultzatzea; enplegatuek kudeaketan eta jabetzan parte hartzeko formulak sustatzea; espezializazio adimendunaren eta berrikuntzaren alde egitea merkatuen erronka berriei erantzuteko; negozio-eredu berriak eta jarduera berriak bultzatzea, jarduera ekintzailearen eta zientzia, teknologia eta berrikuntzako sare gipuzkoarraren ahalmenen balioa azpimarratzea, eta enpresen eta lurraldearen nazioarteko kokapena indartzea.
Ekonomia Sustapeneko foru-arduradunen eta ekintzaileen artean izandako topaketan arreta berezia jarri zen ekintzailetza-proiektuak laguntza-programetan txertatzean. Ildo horretan, Ainhoa Aizpuruk, Antton Tomasenak eta Garikoitz Agotek nabarmendu zutenez, beharrezkoa da enpresa berrien sorkuntza sustatzea eta erraztea, ekintzaileei lagun egiteko prozesuak indartuta, tresna finantzario berriak bultzatuta… Ildo horretan, onartu zuten BIC Gipuzkoak izan duen zeregina funtsezkoa izan dela lurraldearentzat intereseko proiektuak sustatzeko eta inkubatzeko, eta BICen jardueren nondik norakoa areagotzen jarraitzeko borondatea azpimarratu zuten, enpresa-proiektu berriak dinamizatzeko lagungarri izaten jarraitzeko.
Topaketan izandako elkarrizketan, beste alderdi interesgarri batzuk jarri ziren agerian, hala nola berrikuntza ez-teknologikoari, jabetza intelektualari eta prototipoen garapenari laguntza gehiago emateko formulak lantzeko premia edo profil profesional berrien premia. Gipuzkoako Aldundiaren ordezkariek ziurtatu zutenez, neurri berrietan ari dira lanean Ekonomia Suspertzeko 2017rako Planaren barruan, ingurune ekonomiko eta enpresarial batean sortuko diren premia berriei erantzuteko, administraziotik bertatik ere berritzeko konpromisoarekin.
Topaketa honek BIC Gipuzkoaren dinamika berri bat inauguratu du, pertsona ekintzaileen, enpresen eta erakundeen artean topaketa tematikoak sustatzeko, esperientziak, ezaguerak, kezkak eta premiak konpartitzeko helburuarekin. “Encuentros BIC Topaketak” ekimenak jarraipena izango du, datozen hiletan hitzordu berriak izango baitira.