- Nazioarteko finantza-sektoreko algoritmika kuantikoko erreferente bat da
Multiverse Computing-ek 1,5 milioi euroko inbertsio-txanda itxi berri du bere hazkunde- eta nazioartekotze-prozesua finantzatzeko. Startup honek Donostian eta Toronton ditu egoitzak, finantza-industriarako algoritmika kuantikoan espezializatuta dago eta nazioarteko finantza-erakunde liderrekin lan egiten du dagoeneko. Kapital-gehikuntza Quantonation, Seed Gipuzkoa, EASO VENTURES SCR, Mondragón Fondo de Promoción FCR eta Penja Strategy arrisku-kapitaleko funtsek izenpetu dute. Sozietate horrek enpresak sustatzen ditu, eta inbertsiogile nagusia Pedro Luis Uriarte jauna du.
Multiverse Computing-ek software hipereraginkorra eskaintzen du finantza-sektoreko enpresentzat. Horiek, konputazio kuantikoko tresnak aplikatzeari esker, lehiarako abantaila sendoa lortzen dute. Horrela, gaur arte konponezinak diren arazoei aurre egitea errazten da finantza-optimizazioaren, iruzurraren detekzioaren eta finantza-esparruko adimen artifizialeko soluzioen funtsezko hobekuntzaren arloan.
Gaur egun, Multiverse Computing lanean ari da BBVA eta Bankiarekin finantza-zorroak optimizatzeko, iruzur fiskala antzemateko, kapitalak eta kreditu-txartelen zuritzea detektatzeko eta “crash” finantzarioak aurreikusteko. Horretarako, algoritmika kuantikoa erabiltzen du.
Multiverse Computing proiektu berriak prestatzen ari da nazioarteko finantza-erakundeekin.
Berriki, Boston Consulting Group-ek (BCG) egindako txosten batean Multiverse Computing aipatzen da finantza-sektorerako algoritmian benetan espezializatutako nazioarteko enpresa bakartzat. Enpresako aditu taldeak ospe handia du nazioartean, arazo finantzario eta makroekonomikoetarako dituen ikuspegi berritzaileengatik.
Multiverse Computing enpresaren sortzaileetakoa eta CEOa den Enrique Lizasoren iritziz, enpresak itxi berri duen finantzaketa-txanda “lehen finantza-bultzada erabakigarria eta beharrezkoa da taldea eta produktua finkatzeko eta nazioartean hedatzeko dugun estrategiarako”. Hortik haratago, enpresaren sortzaileetakoa eta zuzendari zientifikoa den Roman Orúsek adierazi du bere asmoa dela “Donostian teknologia kuantikoen hub sendo bat sortzen laguntzea, nazioarteko talentu kuantikoa erakarrita eta lankidetza instituzional eta zientifikoaren bidez”.
Multiverse Computing 2019ko martxoan sortu zen Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta BIC Gipuzkoaren laguntzarekin, Txekintek/Ekintzaile programen esparruan. Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko azeleratzaile eta zentro teknologikoen laguntza izan du, hala nola Donostia International Physics Center (DIPC) erakundearena, eta munduko erreferentziazko zentroena, hala nola Torontoko Creative Destruction Labs hub kuantiko ospetsuarena. EBko Seal of Excellence saria jaso du, baita Manuel Laborde Werlinden lehiaketako lehen saria ere.
Bere jardunean, konputazio kuantikoko bazkide teknologiko nabarmenekin kolaboratzen du: IBM, Microsoft, Fujitsu, Xanadu, D-Wave, NTT, Rigetti, Pasqal, Google, Alpine, Orca, Amazon AWS, etab.
Multiverse Computing-ek 12 profesionalek osatutako plantilla du, Donostiako eta Torontoko bere egoitzetan banatuta. Aurreikuspenen arabera, 2027an 50 milioi eurotik gorako negozio-bolumena izango du, eta 100 langileko plantilla.
Finantzaketa-txanda sinatu berri duten enpresaren bazkide berriek zeregin erabakigarria izango dute helburu horiek lortzeko. Seed Gipuzkoa, EASO VENTURES SCR, Mondragón Fondo de Promoción FCR eta Penja Strategy-rekin batera, Quantonation inbertsio-funtsa dago, teknologia kuantikoko early-stage enpresetan eta deep-physics-ekoetan ardaztuta. 6 herrialdetan egindako 12 inbertsioen ondorioz, mundu osoan partaidetu kuantiko gehien dituen funtsa da.
Argazkiak: Multiverse Computing-en sortzaileak (Sam Mugel, Enrique Lizaso eta Roman Orús) eta ordenagailu kuantiko baten barnealdea.