MINTZETAN FOULING PROZESUA GARAIZ ANTZEMATEA ekimenak irabazi du Manuel Laborde XVI. Saria

MINTZETAN FOULING PROZESUA GARAIZ ANTZEMATEA ekimenak irabazi du Manuel Laborde XVI. Saria

• Biomolekulak film polimerikoen azaletan ainguratuak daudenean biomolekula horien osaera aldaketak monitorizatu eta zenbatu ahal izateko protokoloak garatzetik sortzen da aukera.
• Saritutako ekimenak 7.000 euro jasoko ditu, baita enpresa proiektua garatzeko babesa eta aholkularitza ere.

Thomas Schäfer-ek eta Iliane Rafaniello-k –UPV/EHUren NanoBioSeparaciones de Polymat ikerketa taldeari lotuak– aurkeztutako MINTZETAN FOULING PROZESUA GARAIZ ANTZEMATEA ekimenak eskuratu du Ideia berritzaileetan oinarritutako oinarri teknologikoko enpresa ekimen onenaren MANUEL LABORDE WERLINDEN LEHEN SARIA bere hamaseigarren edizioan.

Hauxe da enpresa berriaren balio proposamena: urak iragazteko prozesutan erabiltzen diren mintzetan fouling garaiz antzemateko gailu berri bat merkaturatzea. Gailuak ingurumen industriaren beste behar batzuei erantzuteko plataforma teknologikoaren izaera hartzen du: ur kantitate handia behar den prozesu bioteknologikotan, eta elikadurari edo kimika finari lotutako prozesutan.

Halaber, UPV/EHUko Genetika Saileko Sport Genomics ikertaldeari lotuta Adrian Odriozolak aurkeztutako KIROLDNA ekimenak 2. Saria – 3.000 euro– eskuratu du.

Ekimenak gailu mugikorretarako teknologia duten analisi genetikoetako know how hartzen du bere barne, eta kirol plangintza norberaren baldintzetara egokitzeko helburua dauka. KirolDNA-k dagoeneko merkatuan jarri ditu running diziplinarako lehen kit espezifikoak. Halaber, maila fisiko handia eta kirolarien arteko lehiakortasun handia eskatzen duten eta lesio ugari eragiten dituzten beste kirol modalitate batzuetarako produktu berriak garatzen ari da.

Gainera, proposamen berritzaileek eta/edo oinarri teknologikoa duten proposamenek aukera izango dute, BIC GIPUZKOA erakundeak kudeatutako, eta Gipuzkoako Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Oreka Departamentuak eta SPRIk –Eusko Jaurlaritzaren mendeko erakundea– antolatutako laguntzak eskuratzeko. Laguntza horiek 60.000 eurotara hel daitezke, proiektuen interesaren eta berrikuntza mailaren arabera.
Manuel Laborde Werlinden Sariaren hamaseigarren edizio hau ENTREPRENARI programaren –UPV/EHUk (Gipuzkoako Campusa) eta Bic Gipuzkoa Enpresen eta Berrikuntzaren Europako Zentroak garatua eta kudeatua– esparruan sustatzen da. Hauxe da programaren helburua: UPV/EHUren Gipuzkoako Campusean ekintzaileak eta enpresa berrien sorrera sustatzea, aholkatzea eta babestea.

Saria honako hauei zuzenduta dago: UPV/EHUko irakasle-ikertzaileei; enpresa berri bat sortuz, UPV/EHUrekin elkarlanean egindako ikerketa baten emaitzak ustiatzea erabakitzen duten enpresei; eta UPV/EHUko azken mailako ikasleei, graduatu ondoko ikasleei eta tituludunei.

Hona hemen sariaren helburu nagusiak:

– Unibertsitate ingurunean ekintzailetzako proiektuak eta ideiak sustatzea.
– Enpresa kultura unibertsitateko kideen artean babestea eta hedatzea.
– Enpresa berriak sortzeko eta garatzeko Unibertsitatearen berritzeko gaitasuna aprobetxatzea.
– Gure ingurunean enplegua babesteko formula berriak bultzatzea.

Guztira hamabi proiektuk lehiatu zuten ideia berritzaile batean oinarritutako enpresa ekimen onenaren saria eskuratzeko.

Sari banaketa ekitaldian izan dira Ana Arrieta, UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordea; Ainhoa Aizpuru, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatua; Aitor Urzelai, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun Saileko Ekintzailetzaren, Berrikuntzaren eta Informazio Gizartearen zuzendaria; eta Marisa Arriola, Bic Gipuzkoaren zuzendaria. Ekitaldi horretan, Garikoitz Mendizabal Bilboko Txistularien Udal Bandako zuzendariak ‘Txistu On!Su parte poliédrica’ izenburua zeraman hitzaldia eman du.

Ekitaldi berean Gipuzkoako edizioari dagozkion THINK BIG 2016 Sariak banatu dira:

1. saria, eman gabe geratu da.
2. saria, 1.500 eurokoa, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Graduko Jokin Telleriak aurkeztutako ‘Kultura Alternatiboa’ ekimenak lortu du. Ekimen hau oinarrizko beste kultura bat babesteko eta sustatzeko plataforma batek osatzen du.

Ron Zahavi-ren hitzaldia (Chief Strategist for IoT Standards at Microsoft): “Internet of Things-Beharrezko elementuak arrakasta izateko Gauzen Internetek markatutako eszenatoki berrian”.
Eibarreko Udalak, BIC Gipuzkoak eta IK4-TEKNIKERek inkubagailu teknologiko berri bat sustatu dute Debabarrenean