Bic Gipuzkoa berrikuntzari eta zahartzeari buruzko Suediako eta Danimarkako esperientziak aztertzen ari da
Foru Aldundia buru duen ordezkaritza gipuzkoar baten zati da
BIC Gipuzkoa osasunera eta zahartzera zuzendutako ekintzaleitza-proiektuak sostengatzeko lan garrantzitsua ari da egiten biozientzien eta berrikuntzaren esparruan. Arlo horiek estrategikotzat jotzen ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldearen etorkizuneko garapenerako. Horregatik, Gipuzkoan biozientzien eta osasunaren sektoreari lotutako eragileek eta erakundeek osatutako ordezkaritza bat Suediara eta Danimarkara joan da bi herrialde horietan gauzatzen ari diren esperientzien berri izateko.
Ordezkaritzaren buru da Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako foru-diputatu Ainhoa Aizpuru eta Gipuzkoan biozientzien eta osasunaren sektoreari lotutako zenbait eragilek eta erakundek osatzen dute. BIC Gipuzkoarekin batera, Biodonostiak, Tecnaliak eta Matia Fundazioak hartuko dute parte ekimenean.
Bidaia honen helburua da pertsona helduen eta mendekotasunaren arretaren esparruan lan egiten duten Suediako eta Danimarkako berrikuntzako eta ekintzailetzako zenbait zentro eta eragilerekin bilerak egitea. Bi herrialde horiek esperientzia aurreratuak dituzte osasunaren, osasun-arretaren eta zahartzearen ingurunean, hots, Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldearen etorkizuneko garapenerako estrategikotzat jotzen dituen arloetan.
Lehen bilera, Berrikuntzako Vinnova Suediar Agentzian egindakoa, baliagarria izan da apustu suediarra ezagutzeko, hots, pertsona helduen premiak aseko dituzten produktu eta zerbitzu berriak sortzea, biztanleriaren zati horrek gero eta arreta hobea eta handiagoa eskatuko baitu.
Era berean, ordezkaritza gipuzkoarrak Mistelinnovation instalazioak ezagutzeko aukera izan du, saiakuntza-banku gisako berrikuntza-erakargune bat, pertsona heldu eta mendekoen bizi-kalitatea eta haien arreta hobetzea lortu nahi duten produktu eta zerbitzu berritzaileak aztertzeko.
Aukera-esparrua
BIC Gipuzkoako zuzendari kudeatzaile Marisa Arriolaren ustez, “bilera horiek oso interesgarriak ari dira izaten; izan ere, aukera ematen dute zahartzeari, osasunari eta ongizateari lotutako jarduera berritzaileak sortzeko prozesuan erreferente diren herrialde aurreratuen esperientziak ezagutzeko. Aldaketa demografikoa eta zahartzea etorkizuneko bi erronka handienetakoak dira, eta beharrezkoa da Gipuzkoaren garapen ekonomikoa eta soziala bultzatzea esparru horretan produktu eta zerbitzu berriak diseinatzeko sortuko diren aukeren inguruan”.
BIC Gipuzkoak bioinkubagailu espezializatu bat du sektore bioteknologikoan enpresa-proiektu berriak sostengatzeko, eta orain arte 30 ekimenetik gora bultzatu ditu sektore horretan.
Gipuzkoako Foru Aldundia zentro berri bat diseinatzen ari da Pasaian, erreferentzia gisa planteatzen dena zahartzearen eta mendekotasunaren arreta aurreratuaren arloan, baita teknologiako eta ikerketa aplikatuko erakargune ireki eta kolaboratibo gisa ere, gai dena laguntza-jarduera, ezagutzaren kudeaketa eta garapen teknologikoa eta industriala zahartzearen, osasunaren eta ongizatearen arloan batzeko.
Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatu Ainhoa Aizpuruk adierazi duenez, “Gipuzkoak ekosistema zabala eta finkatua du esparru soziosanitarioan eta zahartzean, esparru horretan lan egiten duten enpresa, I+G+Bko eragile, unibertsitate, hirugarren sektoreko elkarte eta erakundeekin. Horregatik –azpimarratu du–, lan egin behar dugu berrikuntza-ahalmen hori maximizatzeko, esparru horretan zahartze osasungarriaren, sistema sozioasistentzialaren eta industriaren lehiakortasunaren zerbitzura. Aukera-esparru bat da gure gizartearen mesedetan izango diren soluzio berriak eta jarduera berria sortzeko eta, aldi berean, enpresa berriak eta lanpostu berriak sortzeko”.