III Global Graphene Call: grafenoaren proiektu berritzaileak bultzatzeko nazioarteko deialdia

  • CIC nanoGUNE, BerriUp, Graphenea, Donostia Sustapena eta BIC Gipuzko elkar lanean ari dira grafenoaren potentziala industria- eta teknologia-aplikazioetan baliatuko duten ideia berritzaileak bilatzeko asmoz.
  • Parte hartu nahi duten ekintzaileek eta enpresek beren proiektu propioak eta originalak aurkeztu behar dituzte, kolaboratzaileen webguneetan galdetegian erregistratuz. Izena emateko epea  2024ko irailaren 13tik urriaren 13ra arte zabalik egongo da.
  • Antolatzaileek baliabide ugari eskaintzen dituzte proiektuak bultzatzeko eta lurraldera erakartzeko asmoz.

Donostia, 2024ko irailaren 13a

Euskal nanozientzia ikerketa zentroak, CIC nanoGUNE, BerriUp —Financial Times egunkariaren arabera Espainiako lehen startup azeleragailu pribatuak—, Grapheneak —grafenoaren ekoizpenean eta komertzializazioan espezializatutako nanoGUNEko lehen startup-ak—, Donostiako Sustapenak —Donostiako Udaleko garapen ekonomiko eta berrikuntza erakundeak— eta BIC Gipuzkoak —enpresa berritzaileen sorrera bultzatzen duen Business Innovation Centre-ak— lankidetza hitzarmen bat sinatu dute grafenoarekin lotutako proiektuen garapena bultzatzeko asmoz. Ahalegin bateratu hau III Global Graphene Call deialdian gauzatzen da, grafenoaren potentzial disruptiboan oinarritutako enpresa-ideiak biltzeko.

2020ko lehen edizioan, mundu osoko 35 proiektu aurkeztu ziren, eta irabazlea Herbehereetako startup bat izan zen, grafenoaren aplikazioan egindako ikuspegi berritzaileagatik nabarmenduz. 2022ko bigarren edizioan, proiektu kopurua 45 proposamenetara igo zen, eta horrek material honen inguruko interesa gero eta handiagoa dela erakusten du. Kasu horretan, Indiako proiektu bat izan zen irabazle, eta horrek deialdiaren nazioarteko eta lehiakortasun profilea azpimarratzen du. Orain, Global Graphene Call-aren hirugarren edizioak proiektu berritzaile gehiago erakartzea du helburu.

Patricia Casado, BerriUp-eko zuzendariak, adierazi duenez, “Grafenoa oinarri duten proiektuak bilatzen ditugu oraingoan ere, eta haien garapenean eta merkaturatzean laguntzeko asmoa dugu. Horretarako, III. edizio honetan, lankide berriak gehitu ditugu baldintza onenak eskaintzeko asmoz”.

Bestalde, Jesús de la Fuente, Graphenea-ko zuzendari nagusiak, azpimarratu du: “Grafenoak potentzial izugarria du hainbat sektore garatzeko. Deialdi honekin, ekintzaileei eta enpresei gure teknologiarako eta esperientziarako sarbidea errazten ari gara, haien ideiak hurrengo mailara eramateko”.

Iñigo Olaizola, Donostiako Sustapeneko zuzendari nagusiak, gehitu du: “Donostiako Sustapenetik, proiektu berritzaileak hirira erakartzearen alde egiten dugu, eta grafenoak aukera handia eskaintzen du talentua Donostiara erakartzeko. Ekin+ programa bezalako tresna gakoekin ingurune paregabea eskaintzen dugu, gure lurraldean proiektu horien hazkuntza eta garapenerako”.

Ainara Garcia-Gallastegui, Technology Transfer Director-ak ere deialdi honen garrantzi estrategikoa nabarmendu du: “nanoGUNE-n irmoki sinesten dugu grafenoa etorkizuneko material gakoetako bat dela, eta industria ezberdinak eraldatzeko ahalmen handia duela. Deialdi honen bidez, ekintzaileei gure punta-puntako instalazioetara eta pilatu dugun ezagutza zientifikora sarbidea eskaini nahi diegu. Gure helburua ideia berritzaileak errealitate ukigarri bihurtzea da, mundu mailan eragin positiboa izan dezaten”.

Azkenik, María Luisa Arriola, BIC Gipuzkoa-ko zuzendari nagusiak adierazi du: “Ekintzaile-Txekintek programaren bidez eskaintzen dugun laguntza funtsezkoa da startup teknologikoen hazkundea bizkortzeko. Gipuzkoan ekintzaileek proiektu berritzaileak garatu eta sendotzeko leku aproposa aurki dezaten nahi dugu”.

Erakunde antolatzaileek baliabide multzo paregabea eskaintzen diete hautatutako proiektuei: BerriUp-en azelerazio metodologia, Graphenea-ren grafeno aurreratuko produktuak, nanoGUNE-ren punta-puntako azpiegitura eta ekipamendua, eta Donostiako Sustapenak eta BIC Gipuzkoak emandako ekintzailetza laguntzak eta programak. Gaitasun konbinazio honek ingurune aproposa bermatzen du ideiak merkatu-soluzio bideragarri bihurtzeko.

Parte-hartzaileek proiektu propio eta originalak aurkeztu beharko dituzte, lankideen webguneetan eskuragarri dagoen galdetegia osorik erregistratuz. Izena emateko epea 2024ko irailaren 13tik urriaren 13ra bitartean izango da, biak barne.

Hautatutako finalistek urtarriletik 2025eko apirilera bitartean BerriUp-en egoitzan azelerazio-programa pertsonalizatuaz gozatzeko aukera izango dute, Graphenea-ren material aurreratuetara sarbidea izango dute eta CIC nanoGUNE-ko instalazioak erabili ahal izango dituzte. Gainera, finalista-proiektua Donostian ezartzen bada, Donostiako Sustapenak laguntza eskainiko dio, CIC nanoGUNE-ra sartzeko aukera emanez eta, proiektuaren beharretara egokitutako EKINN+ programako laguntzak eskainiz. BIC Gipuzkoak laguntza hori osatuko du Ekintzaile-Txekintek programara sartzeko aukera emanez, Gipuzkoan startup teknologikoen hazkunderako funtsezko laguntza eskaintzeko.

BerriUp-i buruz:

2015ean sortua, BerriUp, Financial Times-en arabera Espainiako lehen azeleragailu pribatua, 40 startup baino gehiago azeleratu ditu, eta prestakuntza gainditu ondoren, Easo Ventures SCR funtsaren laguntza eskuratu dute. 50 mentoretik gorako sarea du. Bilbon eta Donostian egoitza du eta Adinberri, Caja Rural de Navarra edo Vitoria-Gasteizko Udala bezalako erakunde publiko eta pribatuekin lankidetzan aritzen da. Informazioa gehiago: www.berriup.com

CIC nanoGUNE-ri buruz:

CIC nanoGUNE, Donostia – San Sebastiánen kokatua, nanozientzia eta nanoteknologian bikaintasun-ikerketa egiteko helburuarekin sortutako ikerketa zentroa da, Euskal Herriko enpresa-lehiakortasuna eta garapen ekonomikoa handitzeko asmoz. NanoGUNE Basque Research and Technology Alliance (BRTA) erakundearen kidea da eta, gainera, 2021-2025 urteetarako Espainiako Ikerketa Agentziak aitortutako «María de Maeztu» bikaintasun unitatea da. Informazioa gehiago: www.nanogune.eu

Graphenea-ri buruz:

2010ean sortua, Graphenea grafeno CVD eta grafeno oxidoaren produkzioan liderra da. Grapheneak 50 herrialdetako 800 bezerori baino gehiagori hornitzen die grafenoa, eta ekoizpen- eta I+G laborategia Donostian eta bulego komertziala Bostonen, AEBn, ditu. Gaur egun, Graphenea 30 profesionalek osatzen dute, zientzia-diziplina, ingeniaritza, finantza eta negozio-garapeneko arlo ezberdinetakoak. Informazio gehiago: www.graphenea.com/

Donostiako Sustapenari buruz:

Donostiako Udalaren garapen ekonomiko eta berrikuntza elkartea gara. Gure helburua hiriko ekonomia eta enplegua bultzatuko duten proiektu berritzaileak sustatzea da, lankidetza-eredu baten bidez pertsonei arreta emanez. San Sebastián berrikuntza-ekintzailetza nodo gisa kokatzeko gure estrategiaren barruan, EKINN espazioarekin, San Sebastiánen proiektu enpresarial berritzaileak sortzea, haztea eta sendotzea bultzatzen duten azelerazio-programak ditugu, hala nola EKINN+, proiektu horien balidazioan, abiaraztean, finantzaketan eta heldutasunean laguntzeko.
Informazio gehiago: www.fomentosansebastian.eus

BIC Gipuzkoa-ri buruz:

BIC Gipuzkoa enpresa berritzaile eta teknologiko berrien sorrera katalizatzen duen Business Innovation Centre bat da Gipuzkoan. Bere misioa ekintzaileei eta startupei laguntzea da, beren proiektuen fase kritikoenetan, ideia balidaziotik hazkundera eta sendotzera arte. Ekintzaile-Txekintek bezalako programei esker, BIC Gipuzkoak finantzaketa, aholkularitza estrategikoa eta aditu eta enpresa handien sare batera sartzeko aukera ematen du. Gainera, eskualdean ekintzailetza-kultura sustatzen du, irtenbide disruptiboen garapena erraztuz eta tokiko enpresa-ekosistemaren lehiakortasuna bultzatuz.
Informazio gehiago: https://www.bicgipuzkoa.eus

SURPHASE-k 2,5 milioi euroko finantzaketa jaso du Berrikuntzaren Europako Kontseilutik (EIC)