BIC Gipuzkoako Biohabia Estatu Batuetako San Frantzisko hirian izango da aste honetan Biozientzien sektorean sustatutako enpresa-proiektu ezberdinak ezagutarazteko eta lankidetza eta aliantzarako espazioak bilatzeko. BIO International Convention Bioteknologiaren industriako topaketa garrantzitsuena da eta San Frantziskon egitekoa da ekainaren 6tik 9ra.
Foro horretan parte hartzea aukera ezin hobea da sektoreko korporazio liderren aurrean esperientzia eta ekimen ezberdinak aurkezteko, kontuan hartu behar baita bertan Bioteknologiaren sektorearekin zerikusia duten nazioarteko 1.700 enpresa eta erakunde baino gehiago elkartuko direla: ikerketa-zentroak, unibertsitateak, ospitaleak, fundazioak, klusterrak, laborategi farmazeutikoak, gaixoen elkarteak, finantza-erakundeak, eta abar.
BIC Gipuzkoak hamar erakundek osatutako SPRIren ordezkaritzaren bidez hartuko du parte topaketan, eta horien artean Artintvet, BBD Biophenix–Biobide, Geroa Diagnostics, Histocell, Innoprot, Oncomatryx eta Stemtek Therapeutics enpresak daude.
Ekitaldi honen gakoetako bat “partnering” sistema erabiltzeko aukera da; izan ere, euskal enpresei 150 bileratan baino gehiagotan parte hartzeko aukera emango die Bioteknologiaren sektoreko munduko eragile nagusiekin kolaborazioak bilatzeko. Topaketa horiek izango dira BIC Gipuzkoak, Biohabian integratuta dauden enpresak ordezkatuz, San Frantziskon izango duen agendako ekitaldi nagusia.
BIC Gipuzkoa lan handia egiten ari da Bioteknologiaren eta Osasunaren arloan enpresa-proiektu berriak bultzatzeko, eta laguntza eta zerbitzu espezializatuak eskaintzen ditu prozesu osoan zehar, ideia sortzen denetik merkatura eramaten den arte. Testuinguru horretan, Gipuzkoaren BIO ahalmena balioetsi nahi du BIC Gipuzkoak San Frantziskon, kontuan hartuta I+G+b ekosistema finkatua, nazioartean izen handia duten ikerketa-zentroak, osasun-sistema aurreratua, enpresa bioteknologikoen gero eta sare handiagoa, azpiegitura aurreratuak, bioteknologia erabil dezaketen industria-taldeak eta jarduera-esparru hau sustatzeko administrazio publikoen konpromisoa dituela.
Bioteknologiaren sektoreak 70 konpainiatik gora ditu Euskadin, bai eta ikerketan diharduten beste hogeiren bat erakunde ere, besteak beste, unibertsitateak, ikerketa-zentroak, zentro teknologikoak eta ospitaleak. Euskal ekonomian gero eta garrantzi handiagoa duen sektore honek gaur egun 2.000 pertsonari baino gehiagori ematen die lana eta urtean 300 milioi eurotik gora fakturatzen ditu, eta, gainera, Eusko Jaurlaritzaren RISS-Espezializazio Adimentsuaren Estrategian lehentasuneko esparruetako bat da.
Gipuzkoan une hauetan ekimen ugari sustatzen dira lurraldeko bioteknologia-jarduerari laguntzeko. BIC Gipuzkoak sektore honetako 30 enpresa-proiektu baino gehiago garatzen lagundu du, eta hazkunde-aukera berrien bila dabil San Frantziskon.