14 euskal erakundek parte hartuko dute arloko munduko liderrak biltzen diren BIO International Convention ekitaldian
BIC Gipuzkoa, munduko industria bioteknologikoaren hitzordu garrantzitsuenean
Donostia, 2017ko ekainak 19.- Aurreko urtearekin alderatuta, 2017ko BIO International Convention ekitaldian, euskal erakundeen parte-hartzea % 27 hazi da. 14 erakundek parte hartuko dute topaketa horretan, industria bioteknologikoko azken aurrerapenak ezagutzeko, balio zientifiko nahiz komertzial handiko informazioa lortzeko, enpresa-ekimenak aurkezteko, aliantza estrategikoak ixteko, proiektuetarako finantzaketa lortzeko eta bezero berriak egiteko. BIC Gipuzkoak, biohabiko enpresak ordezkatzeaz gain, babestu dituen enpresak lagunduko ditu.
BIO International Convention ekitaldia San Diegon (Kalifornia) egingo da ekainaren 19tik 22ra, eta antolatzen dituzten «partnering» saioetan aktiboki parte hartuko du BIC Gipuzkoak. Partnering saioen helburua da bioteknologiaren sektoreko munduko eragile nagusiekin lankidetza-aukerak bilatzea. Topaketa horietan, BIC Gipuzkoak biohabian dituen enpresak ordezkatuko ditu. Horrez gain, BICek babesa jasotako beste enpresa batzuk lagunduko ditu: Vive Biotech eta Gogoa Mobility, euskal ordezkaritzakoak biak.
BIC Gipuzkoak Gipuzkoaren BIO ahalmena ezagutarazi nahi du ekitaldi honetan; I+G+B ekosistema finkoa, nazioartean ospea duten ikerketa-zentroak, osasun-sistema aurreratua, enpresa bioteknologikoen ehun gero eta handiagoa, azpiegitura aurreratuak, bioteknologia erabil dezaketen industria-taldeak eta jarduera-esparru hau sustatzeko administrazio publikoen konpromisoa.
Industria bioteknologikoaren potentziala dela eta, nazioarteko puntako ehunka enpresa zein erakunde biltzen dira foro horretan: ikerketa-zentroak, unibertsitateak, ospitaleak, fundazioak, klusterrak, gobernu-agentziak, laborategi farmazeutikoak, gaixotasunen bat dutenen elkarteak, finantza-erakundeak, etab.
BIC Gipuzkoa 14 erakundez osatutako eta SPRIk lagunduko duen euskal ordezkaritzaren parte izango da. Aurten parte hartuko duten bi enpresak jaso dute BIC Gipuzkoaren babesa: Vive Biotech eta Gogoa Mobility. Horrez gain, euskal ordezkaritzaren barruan dauden Euskal Herriko Unibertsitatearekin (UPV/EHU) eta Tecnumekin elkarlanean aritu da, transferentzia-prozesuak azkartzeko zorro bioteknologikoak balioztatzen. Era berean, BIC Gipuzkoaren babesa jaso duen Biobide enpresak azokan parte hartuko du.
Vive Biotech Inbiomed Fundazioak sustatutako «spin-off» bat da, transferentzia genikorako teknologietan eta, bereziki, bektore biralak ekoiztekoetan espezializatua. Gogoa Mobilityk robot eramangarriak diseinatu eta ekoizten ditu, hartutako kalte zerebrala (ABD) edo orno-muineko lesioa duten pertsonen mugimendu-gaitasuna laguntzeko edo errehabilitatzeko. Gainera, bere irtenbideekin pertsonen mugimenduaren errendimendua areagotu daiteke; adibidez, baldintza berezietan jardun behar denean, erreskate-zerbitzuetan…
BIC Gipuzkoak bioteknologiaren sektoreko 30 enpresa-proiektu baino gehiagoren garapenean lagundu du eta hazteko aukera berriak bilatzen ditu nazioarteko hitzordu horretan.