Biozientzien eta mediku- eta osasun-teknologien sektorearen garapena da, lurraldean lehiakortasuna indartzeko, Gipuzkoa babesten ari den apustu estrategikoetako bat. Testuinguru horretan, BIC Gipuzkoak esparru biosanitarioko ekintzaileentzako prestakuntza-programa espezializatu baten beste edizio bat jarri du martxan. Programak Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa jaso du eta bere helburua da ingurune biosanitarioan ekimenak sustatzen dituzten pertsonei euren proiektuak lantzeko esperientzia espezifikoak eta gakoak eskaintzea.
BIC Gipuzkoak sektore biosanitarioan 48 enpresa-proiektu baino gehiagoren sorrera babestu du. Jarduera horri esker, sektore honen ezaugarri propioei erantzungo dien prestakuntza espezializatu bat eskaintzeko beharra hauteman da.
Kasu askotan, ekintzailetzako proiektuak, oinarri zientifiko eta teknologiko sendo bat eduki arren, ez dira merkatu sanitarioaren beharrekin erraz uztartzen, industria sanitarioaren eta osasunaren esparrura zuzendutako produktuen edo zerbitzuen ezaugarri partikular batzuei erantzuten ez dietelako.
BIC Gipuzkoak diseinatutako prestakuntza-programa honen bitartez, hain zuzen ere, premia sanitario berriak konpontzeko helburua duten enpresek aurre egin behar dieten berezitasunen eta erronken inguruan orientatu nahi da.
Ikastaroko sei saioetan zehar parte-hartzaileek euren proiektuak ideiekin eta esperientziekin alderatu ahal izango dituzte honako arlo hauetan: sektore biosanitarioan berrikuntza teknologikoa, produktuaren espezifikazioa, jabetza intelektuala babestea, erregulazio-esparru batean produktua lantzea, produktu sanitarioen marketina eta finantziazioa.
Gainera, esparru honetan eman diren hainbat enpresa-esperientzia aztertuko dira, besteak beste, honako hauen kasuak: Deneb Medical, Biolan Biosensores, Viralgen Vector Core edo Cidetec-en nanofarmakoen instalazioa.
Ikastaroan ekintzailetzaren munduko 30 pertsona inguruk, ikerketa-zentroek, unibertsitateek eta esparru biosanitarioan lan egiten duten enpresek hartuko dute parte.
Programa sei astez jarraian landuko da eta saio bakoitzean goi-mailako adituek hartuko dute parte. Amaiera-ekitaldia inbertsioen foroari eta finantziazioari buruzko modulu bat izango da. Bertan María Bobadillak —Senior Director, Global Business Development de Roche— hartuko du parte eta “Farmazia-sektorean aliantza goiztiarrak eta berrikuntza irekia” gaiari buruz hitz egingo du.