Bic Gipuzkoak jardunaldi-ziklo bat antolatu du bioteknologia-sektorea bultzatzeko

Bioteknologia-sektoreak perspektiba ederra du Gipuzkoan eta, horri esker, enpresa-proiektu berriak garatzen ari dira. Sektorea sendotu eta irmotzeko, Bic Gipuzkoak lau jardunaldi antolatu ditu esperientziak partekatzeko eta askotariko eragileen arteko lankidetza hauspotzeko. Horietako lehena From Bioscience to Business izan da, Tecnun-Universidad de Navarrarekin batera antolatua. Bada, sektoreko ordezkari ugari bildu ditu, enpresa-proiektu berriak bultzatzeko orduan interesekoak diren askotariko ezaugarriak eta esperientziak ezagutuz ikerketa-lanaren emaitzak merkatura zabaltzeko. Ekimen honek Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ekonomia Sustapen Departamentuaren laguntza du.

“From Bioscience to Business” saioa Bic Gipuzkoak antolatu du Tecnunenen lankidetzaz (Nafarroako Unibertsitatearen Donostiako Ingeniaritza Eskola). Topaketetan bat egin dute bioteknologia-industriari lotutako askotariko arlotako esperientzia adierazgarriek. Topaketen programa honen inaugurazioan, Iker Estensoro Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko zuzendari nagusiak nabarmendu du Gipuzkoako biozientzien sektorea estrategikoa dela eta Aldundiak haren garapena sustatzeko konpromisoa hartu duela.

Jose Maria Siotak, IESE Entrepreneurship and Innovation Centerreko zuzendari exekutiboak, teknologia-transferentziako estrategia eta joerei eta ‘Corporate Venturing’i buruzko bere ikuspegia azaldu zuen. Ezarritako enpresen eta startup berritzaileen arteko lankidetza bultzatzeko premia nabarmendu zuen, “badagoelako ezkutuko ahalmena merkaturatzeko prest”. Haren iritziz, Europak aurre egin behar dio “teknologia-transferentzia beste maila batera eramateko” erronkari; izan ere, eskaini zituen datuen arabera, munduko lehen 100 ikerketa-erakundeetatik 21 daude Europan, baina patenteen % 95 “ez daude aktibo”.

Federico Gagok 20 urtetik gorako zuzendari-esperientzia du farmakoen industrian, eta beste batzuekin batera sortu ditu VB Devices, Allero therapeutics eta Cytovation AS. Bada, ‘Venture Builder’ gisa izandako esperientziaz hitz egin zuen, “proiektu bat inbertigarri egiten ekintzaileari laguntzen” . Haren iritziz, “korporazio handiek, sektore honetan proiektu batean inbertitu aurretik, merkatuaren errealitatearen iragazkia pasa behar dute. Ez da erraza inbertitzaileak ekartzea”, adierazi zuen, eta horregatik, “startupek plan bat izan behar dute beren bidea bakarrik egiteko gai izan daitezen”.

Jesus M. Hernandezek, bioteknologiako kontsultore independente, Eli Lilly presidenteorde ohi eta CIMAko (Nafarroako Unibertsitatea) zuzendari ohiak, oinarrizko/aplikatutako ikerketari eta merkatuko transferentziari buruz hitz egin zuen topaketan. Haren iritziz, sektoreko ezaugarriak zein diren ikusita, beharrezkoa da “15 urteko ikuspegi batez lan egitea, aurreikusiz denbora-tarte horretan garatzen ari garen produktuaren merkatua, lehiakideak eta produktuaren benetako beharra nolakoak izan daitezkeen”.

Gloria Gonzalez Vivet Therapeuticseko zuzendari zientifiko eta CIMAko ikertzaileak bere enpresaren kasua aurkeztu zuen zientzialari baten ikuspegitik. Giltzarriak, haren iritziz, sinesgarritasuna eta zientzia zorrotza eta kalitatezkoa edukitzeko premia dira. “Alderdi horiek oinarrizkoak dira inbertitzaileetan konfiantza sortzeko; izan ere, etengabe bilatu behar dugu inbertsioa garapen zientifiko berrietarako”.

Gipuzkoako bioteknologia-sektorea

Jardunaldi hauen helburua da esperientzia eta ezagutza partekatzea eta askotariko eragileen arteko lankidetza bultzatzea, ekonomiaren garapena bultzatu eta Gipuzkoako bioteknologiaren sektorea sendotzeko.

Jardunaldi hauexek gaurdanik maiatzera egingo dira, askotariko ikuspegiak bilduz: “Startup bioteknologiko bat egituratzeko ezin besteko alderdiak: ikuspegi juridikoa eta finantzarioa”; “Hack your company!!!”; bukatzeko, maiatzaren 7an, saio bat egingo da bioteknologia-sektoreko enpresetako inbertitzaileekin .

Topaketa horien helburua da biozientzien sektorea dinamizatzea, merkatura teknologia eta ezagutzaren transferitzea bultzatzeko. Horretarako, helburu zehatzak dituzten askotariko jardunaldiak diseinatu dira, ezagutza eta esperientziak partekatzeko eta Gipuzkoako biozientzien sektoreko eragileak elkarrekin sare-lanean aritzeko: startupak, unibertsitateak, CIC, teknologia-zentroak, enpresak, sistema sozio-sanitarioko eragileak, inbertsio-funtsak, etab.

Ekitaldiaren bideoa

 

BIC Gipuzkoak sendotu egin ditu ekintzaletzari laguntzeko zerbitzuak, egoitza berri batetik
COVID-19 larrialdiko laguntzak enpresa txiki eta ertainentzat