BIC Gipuzkoak prestakuntza-programa espezializatu bat abiarazi du startupen arduradunei zuzenduta

http://www.bicgipuzkoa.eus/wp-content/uploads/Foto-familia_baja-1024×768.jpg

BIC Gipuzkoak prestakuntza-programa espezializatu bat abiarazi du startupen arduradunei zuzenduta

Hogei bat ekintzaile ari dira parte hartzen PADEM Ekintzaileentzako Zuzendaritza Programa Aurreratuaren bigarren edizioan

Programa horretan profil zientifiko-teknologikoko proiektu berriak kudeatzeko funtsezko elementuak jorratzen dira.

Donostia, 2017ko maiatzak 4. BIC Gipuzkoak ekintzailetzaren alorrean dagoeneko erreferente bat den Ekintzaileentzako Zuzendaritza Programa Aurreratuaren (PADEM) bigarren edizioa aurkeztu du. PADEMek balio handiko ezagutza espezializatua eskaintzen die ekintzaileei, hamar lansaiotan startup baten hasierako etapetan landu beharreko egoera guztiak aztertuz. Ikastaroa maiatzean eta ekainean egingo da, Elkargi Consultingen laguntzarekin eta hainbat alorretako aditu ezagunen parte-hartzearekin.

PADEM proiektuen lidergoa beren gain hartzen duten ekintzaileei zuzendua dago bereziki, bai eta oinarri zientifiko-teknologikoa duten enpresa berritzaileei ere, baldin eta hazkuntza-potentzial handia badute eta nolabaiteko garapen-maila badute edo inbertsioa bilatzeko fasean murgilduta badaude. Programaren dinamikak saio teoriko eta praktikoak kasu garrantzitsu batzuen azterketarekin uztartzen ditu. Era berean, ekimen honetan parte hartzen dutenek beren esperientziak adituei aurkeztu eta alderatzeko aukera izango dute.

BIC Gipuzkoak zuzendutako Ekintzaileentzako Zuzendaritza Programa Aurreratu honen edukia hamar modulutan banatzen da. Horien bidez enpresa-proiektuak garatzeko funtsezko alorrak lantzen dira, besteak beste: pertsonen antolamendua eta kudeaketa, negozio-aukerak, hazkunde-ereduak, merkatu-estrategia, finantzaketa eta inbertitzaileei proiektuak aurkezteko moduak.

Ikastaroaren inaugurazioan parte hartu dute Antton Tomasena Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomiaren Sustapenerako zuzendariak, Pío Aguirre Elkargiko zuzendari nagusiak eta Marisa Arriola BIC Gipuzkoako zuzendari kudeatzaileak.

Ikastaroaren inaugurazioan parte hartu dute Antton Tomasena Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomiaren Sustapenerako zuzendariak, Pío Aguirre Elkargiko zuzendari nagusiak eta Marisa Arriola BIC Gipuzkoako zuzendari kudeatzaileak. Guztiek nabarmendu dute ekimen honen balioa, enpresa-proiektu berriak sustatzeko beharrezko ezagutza, tresnak eta baliabideak bateratzen baititu. Zentzu horretan, Pío Aguirrek finantzaketaren garrantzia aipatu du «ideia on bat ezerezean gera baitaiteke, ondo finantzatuta ez badago». Ildo bereko iritzia adierazi du Antton Tomasenak: «Gipuzkoako Foru Aldundiak gero eta babes argiagoa eskaintzen dio ekintzailetzari; geure ekosistema ekintzaile propioa garatu dugu, eta horrek ekintzailetza aurreratuaren aldeko apustua egin du».

Lehen saio honetan, hitzaldi bat eman du Mathieu Carenzo IESEko ekimen ekintzaileko eta berrikuntzako irakasleak: «Startupak hiltzen dituzten hamar akatsak… eta horiek saihesteko modua». Carenzo programako moduluetako parte-hartzaileetako bat izango da. Harekin batera arituko dira Roberto López Canas, Más Innovación Organizacionaleko bazkide sortzailea; Peli Araluze, Elkargi Consultingeko zuzendari nagusia; eta Mikel Ozcariz, Elkargi Consultingeko zuzendaria.

Programa Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatu du, eta «enpresa-kudeaketaren kontzeptuak ikuspegi orokorrago batetik aurkezteko birtualitatea dauka, hazten ari diren enpresen errealitatera eta beharretara egokitzeko», azaldu du Maria Arriola BIC Gipuzkoako zuzendari kudeatzaileak. «Baina gainera –erantsi du– aukera emango du parte hartzen duten ekintzaileek balio handiko esperientziak trukatzeko espazio bat sortzeko».

Ikastaroaren dinamikan prestakuntza, aholkularitza, esperientzia eta kasuen azterketak uztartuko dira.  Lansaioetan, gainera, parte-hartzaileek sustatutako proiektuen tratamendu pertsonalizatuan aurrera egiteko aukera izango dugu, negozio-estrategiaren ikuspegitik.

Bic Gipuzkoari buruz

Bic Gipuzkoa (enpresaren partaidetzak dituzte Gipuzkoako Foru Aldundiak eta SPRIk) 1993tik lanean aritu da enpresa berritzaileak edo teknologia oinarri dutenak sortzeko prozesuan laguntzeko, Gipuzkoako kultura ekintzailea lagundu eta sustatzeko eragile aktiboa izanez.

2016an, BIC Gipuzkoak 57 ekimen ekintzaile babestu zituen, bai eta 27 startupen sorrera ere. Aurkeztutako 208 ekimen aztertu ziren, eta horietako 35 enpresa-proiektu berriei laguntzeko Ekintzaile-Txekintek programan sailkatu ziren, eta beste 22 enpresetako barnekintzailetza laguntzeko Barnetekin-Ekintzaile programan. Bi programa horien esparruan, 2016an, 1.274.550 euroko diru-laguntzak eman ziren.

 

 

Ekintzailetza Berritzailea sustatzeko Toribio Echevarria sariak deitu dituzte
Enpresa ekintzaileak: merezi du, eta “zerotik hasita” ere, egin dezakezu