Ekonomiaren, enpresaren, irakaskuntzaren eta erakundeen munduko ia 300 pertsona izan ziren BIC Gipuzkoarekin batera bere 25. urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldian. BIC Gipuzkoak izandako bilakaeraren eta lurraldeko enpresa-sarea eraldatzen laguntzeko egindako bidearen errepaso azkar bat egiteaz gainera, ekitaldian begiratu bat eman zitzaien etorkizuneko erronkei ekintzailetza berritzailearen ikuspegitik.
Ekitaldiari BIC Gipuzkoako presidentea eta Ogasuneko eta Finantzetako foru-diputatua den Jabier Larrañagak eman zion hasiera, eta bere saioan azpimarratu zituen berrikuntzaren eta lehiakortasunaren alde egindako apustuak Gipuzkoaren garapenean izan duen garrantzia eta helburu horiek lortzen laguntzen duten eragile guztiek bete duten eginkizuna. Testuinguru horretan, Larrañagak azpimarratu nahi izan zuen BICek eta bertako profesionalek Gipuzkoako ekosistema ekintzailean izan duten inplikazioa.
Ekintzaile berritzailearen arloko nazioarteko hainbat adituk munduan dauden eredu eta ekosistema ekintzaile aurreratuenei buruzko euren esperientziak azaldu zizkieten bertaratuei. Horretarako, mahai batean elkartu zituzten Moisés Cohen, The Floor Hub israeldarraren fundatzaileetako bat eta bertako zuzendaria; Nancy Levy, Boston Landing & BioHealth Management estatubatuarraren bazkidea eta zuzendaria; Marcos Gallego, Erresuma Batuko Cambridge Innovation Consulting-en zuzendaria; eta Aitor Urzelai, Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetzaren, Berrikuntzaren eta Informazioaren Gizartearen zuzendaria.
Euren ereduen arrakastaren giltzak aipatzean, Marcos Gallegok azpimarratu zuen unibertsitateak betetzen duen eginkizuna ideia berritzaileak hartzeko, startupak sortzeko eta patenteak garatzeko eremu gisa. Nancy Levyren ustez, berriz, unibertsitateen eginkizunaz gainera, erabakigarria da “startup arrakastatsuekin sortutako dirua ekimen ekintzaile berrietan berriz inbertitzea eta enpresa pribatuak ekosisteman inbertitzen eta ekosistemari laguntzen inplikatzea”. Moisés Cohenen iritziz, Israelen “baliabide nagusia talentua da, hezkuntzan bikaintasunera iristea lortu nahi da, eta diferentzia nagusia da porrota ongi ikusita dagoela”. Aitor Urzelairen esanetan, kultura ekintzailearekin, heziketarekin, bokazioarekin, pertsona ekintzaileak aitortzearekin edo finantza-tresnekin edo inbertsoreekin zerikusia duten alderdi horietako asko “erronka bat dira guretzat, eta gure indarguneak balioetsi behar ditugu, eta, alde horretatik, gure bereizgarriak, gure txikitasunean, gure ekoizpen-sarea eta gure ekosistema enpresariala, industriala eta teknologikoa dira”.
BIC Gipuzkoaren iraganaren, orainaren eta etorkizunaren arteko lotura bertako zuzendari kudeatzaileak, Marisa Arriolak, azaldu zuen, eta BICeko profesional-taldeak bete duen eginkizuna eta BIC Gipuzkoako administrazio-kontseiluetan parte hartu duten pertsonen eta erakundeen inplikazioa azpimarratu zituen bere esku-hartzean. Era berean, Marisa Arriolak eskerrak eman zizkien enpresa guztiei, unibertsitateei, teknologia eta ikerketa zentroei, adituei eta gainerako pertsona guztiei BICekin batera erakundearen historian egindako lanarengatik. Azkenik, Marisa Arriolak elkarrizketa labur bat izan zuen Teknimapen fundatzailea eta zuzendaria den Felipe Guisasolarekin eta Meproren fundatzailea eta zuzendaria den Nerea Subiranekin, bere proiektua orain dela 25 urte abian jarri zuen ekintzaile baten eta bere enpresa sortu berria duen ekintzaile baten bidez ekintzailetzak izan duen bilakaera azaltzeko.
Ekitaldiari Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantza Tapiaren eta Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanoren esku-hartzeekin eman zitzaion amaiera. Biek aitortu zuten 25 urteotan BIC Gipuzkoak bete duen eginkizuna eta Gipuzkoako enpresa-sarearen egungo errealitatean izan duen eragina. Baina etorkizunera begira, Tapiak eta Olanok azpimarratu nahi izan zuten BIC Gipuzkoak prestakuntzarekin, talentuarekin, balioekin edo berrikuntzarekin zerikusia duten gaietan bete behar duen eginkizuna, ekonomiaren garapenean eta gizarte-ongizatean aurrera egiteko funtsezko alderdiak izanik.