Ekimena uztailaren 6an aurkeztuko dute Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean Iñigo Urkullu Lehendakariak, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailburuak eta Aitor Urzelai Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetzaren, Berrikuntzaren eta Informazio Gizartearen zuzendariak.
Eusko Jaurlaritzak eta Euskadin finkatuta dauden enpresa garrantzitsuenetako batzuek StartUP! Basque industry 4.0 (BIND4.0) delako ekimena aurkeztuko dute asteazkenean, uztailak 6, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean. Startupen azeleragailu publiko-pribatu honetan, Euskal Autonomia Erkidegoko konpainia nagusiek lankidetzan jardungo dute mundu osoko enpresa-ekimen berritzaileak Euskadira erakartzeko asmoz. Startupek aholkularitza eta laguntza finantzarioa izango dute, baina batez ere, ABB, CAF, CIE Automotive, Danobat, Euskaltel, Iberdrola, ITP, Mercedes, Michelin, Microsoft, Repsol-Petronor eta Siemens-en konpromisoa, berrikitan sortutako enpresa horiek hazten, azeleratzen eta merkatura eramaten lagunduko baitute.
BIND 4.0 – StartUP! Basque Industry 4.0 Accelerator Program aurkezteko, Iñigo Urkullu Lehendakaria, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailburua eta Aitor Urzelai Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetzaren, Berrikuntzaren eta Informazio Gizartearen zuzendaria buru dituen jardunaldia egingo da.
Ekimen hau abian jartzean, Eusko Jaurlaritzak eta 12 enpresa laguntzaileek euskal ekintzailetza-ekosistema hobetzen lagundu nahi dute, Euskadi industria-garapen aurreratuko herrialdetzat eta nazioarteko talentua erakartzeko polotzat posizionatzeaz gain. Hori guztia, Euskadiko Enpresa Agentziaren (SPRI) koordinaziopean eta BIC-Enpresa eta Berrikuntza Zentroen eta Foru Aldundien laguntzaz egingo da.
Helburu horri begira, ohiko prestakuntza, mentorizazio eta finantzaketa zerbitzuez gain, BIND4.0 programak, proiektuak enpresa laguntzaileen eskakizunen arabera garatzeko aukera eskainiko die hautatutako startupei. Hau da, enpresen eta startupen arteko harremanak bezeroa-hornitzailea formatuaren arabera gauzatuko dira, eta honi esker, startupek, bezero handi bati fakturatzeaz gain, lehen mailako erreferentzia, eta merkatu eta banaketa-bide berrietarako sarbidea lortu ahal izango dituzte.
Bestalde, euskal teknologia parkeen eta BIC-Enpresa eta Berrikuntza Zentroen eskutik, ekintzaileak lanerako ingurune eta esparru egokiez baliatu ahal izango dira proiektuak garatzeko, prestakuntzarako, mentorizaziorako eta laguntza ekonomikoetarako sarbideaz gain.
BIND 4.0 programan parte hartu eta hautatutako startupak hartzen dituzten enpresa laguntzaileei, ekimenean parte hartzeak talentua bilatu, identifikatu eta atzitzeko aukera erraztuko die, Euskadin nahiz atzerrian, eta horrek lehiakortasuna hobetzen eta Industry 4.0 deritzon laugarren industria-iraultzaren abangoardian kokatzen lagunduko die.
Proiektuen hautaketa-prozesuan sartzeko epea BIND 4.0 ekimena aurkezten den egun berean (uztailaren 6an) abiatuko da. Urriaren 31n, hautatutako startupen zerrenda argitaratuko da, eta ondorengo 24 asteetan, azaroaren 14tik maiatzaren 12ra bitartean, beren proiektuak gauzatzeari ekingo diote enpresen lankidetzaz. Programaren oinarriak webgunean eskuratu ahal izango dira uztailaren 6tik aurrera, eta aurkezpen ekitaldirako izen-ematea webgunean egin daiteke.