CDTIk aukeratutako Wiredron proiektua, aukera ona inbertitzaileentzat

Fernando Linares, Francisco Callo eta Esther Bautistak SQADRONES enpresa sortu zuten 2015ean. SQADRONES-ek dron izenarekin ezagutzen ditugun gailuen inguruko zerbitzu integralak eskaintzen ditu. DRONE teknologia integratu, diseinatu, garatu eta mantentzen dute produktu eta zerbitzuak saltzeko, “betiere ziklo osoaren ikuspegia aplikatuz, hau da, bezeroaren ondoan egonda hasieratik bukaeraraino…”

Urte gutxitan enpresa asko sortu dira sektorean. Zuen aurkezpenean aipatzen duzuen “ziklo osoko ikuspegi integrala” al da gainerakoengandik bereizten zaituztena?

Merkatuan badaude “dronak saltzen dituzten dendak”. Baina gehienak jostailu-dendak edo aeromodelismo-dendak dira. Salgai dutena saltzen dute, ez dute bestelako zerbitzurik eskaintzen. Era berean, Estatuan alta hartuta dauden 1.200 dron enpresetako gehienak argazkilariak, bideo-egileak eta autonomoak dira.

Nik neuk 10 urte neramatzan horrelakoekin esperimentatzen hobby gisa, prentsak ezagun egin baino lehen.

Ia 20 urte egin ditut konpainia teknologiko multinazional batean zerbitzuetako arduradun lanetan. Esperientzia horrek erakutsi dit enpresek aholkularitza behar dutela erostean eta erositakoa erabiltzeko, eta jakina, zerbitzuak eskaini behar zaizkie… Oinak lurrean jarriko dizkien norbait behar dute, prentsa oso sentsazionalista baita; inplementatu gabeko espektatibak sortzen ditu, dela oraindik esperimentalak direlako, edo posible izan arren, oraindik legezkoak ez direlako.

Erabaki onena hartzen laguntzen diegu gure bezeroei, adibidez, esaten diegu erosi, kanporatu edo itxaron egin behar luketen.

Beste erremediorik ez badago eta diseinatu eta fabrikatu egin behar bada, nola egin erakusten diegu, prestakuntza ematen diegu, eta legezko tramiteekin laguntzen diegu. Gainera, mantenimendu eta salmenta ondorengo zerbitzuak eskaintzen ditugu gure produktuentzat eta hirugarrenentzat.

Zein da zuen bezeroen profila?

Arkitektura eta ingeniaritza enpresak, administrazio publikoak, udalak, segurtasun enpresak eta ikerketa enpresak.

Aireko zerbitzuei dagokienez, gaur egun zer da zuen bezeroek gehien eskatzen dizuetena?

Datuak atzeman eta aztertzeko zerbitzuetan zentratuta gaude, balio erantsi handia sortzen baita, eta gure bezeroek ere horrela ikusten dute. Esaterako, topografia eta fotogrametria zerbitzuetan espezializatuta gaude; badugu arlo horretan aditua den doktore bat, eta emaitzak bikainak dira.

Eskatzen digute baita ere lanen eta azpiegituren egoeraren jarraipena egitea, ikerketek emaitza onak ematen dituztelako, izan ere enpresek kasu askotan saihestu ahal izan dituzte prebentzioarekin eta lan arriskutsuekin lotutako arazoak.

Segurtasun pribatuaren arloa ere arrakastatsua izaten ari da. Espero dugu hemendik aurrera zerbitzu eskaera handia izango dela, baina horretarako legeak onartu egin behar du dronen erabilera biztanledun hiri-inguruneetan. Gure ustez, Espainian dronen erabilpena arautzen duen legearen hurrengo berrikuspenak ahalbidetuko du hori.

Argazki eta bideo sektoreari erreparatuz gero, merkatua saturatuta dago une honetan. Ekoizle eta autonomo mordoa dago, baina egia da baita ere horiek direla gugana jotzen dutenak, hartu behar dituzten irudiak oso konplexuak direnean edo beren aparatuak ez direnean egokitzen eskatzen dizkieten premia teknikoetara.

Azkenik, eskaintzen dugu baita ere aparatuen neurriko fabrikazioa, eta hirugarrenen dronen eta ikerketa probetarako erabiltzen direnen egokitzapena.

Dronak merkaturatzeaz gain, neurrira eginiko aparatuak eskaintzen dituzue premia desberdinen arabera

Bai, adibidez, dron konbentzionalek arazoak izaten dituzte urarekin, flotatzeko batez ere; horregatik, NEMO linea diseinatu eta fabrikatu dugu: uretatik aireratu eta uretaratu daitezkeen dronak dira.

Egungo bateria-teknologiak ere baditu hainbat handicap, hegaldietako autonomia eta sistemen fidagarritasuna alegia. 40 minutu baino gehiagoko hegaldietan, multikoptero deiturikoek 20 kilotik gorako aireontzia izan behar dute 5 kiloko zama hartzeko, eta horrek anperio kopuru handiko energia premiak sortzen ditu. Pentsa, hegaldi arrunt batean kamioi bateria bat erabiltzea bezalakoa da hori!

Fidagarritasunari dagokionez, etxeko eta sakelakoetako wifi seinaleen frekuentziak erabiltzen ditugu hegaldietan, eta, horrek interferentziak izateko arriskua sortzen du, noski. Horregatik aurkeztu dugu Wiredron proiektua NEOTEC 2016 laguntza programarako; mugarik gabeko autonomia duen drona da, interferentziarik ez duena, eta CDTIk horixe aukeratu du Espainia osoan aurkeztu diren ia 600 proiektuen artean, interesgarria delako garapen eta berrikuntza arloan eta enpresa proiektu bideragarria delako.

Bide batez esan nahi dut kapitala biltzen ari garela; aukera ona da parte hartu nahi duten enpresa edo inbertitzaileentzat.

Prestakuntza ere eskaintzen duzue RPA pilotuen titulu ofiziala eskuratzeko eta zenbait aireontzitarako gaikuntza lortzeko

Gure ekipoen salmentak premia bat sortzen digu, alegia, bezeroak prestatu behar ditugula ekipo horiek pilotatzeko. Legeak baldintza batzuk markatzen ditu, eta guk bete egiten ditugu.

Onlineko ikastaro bat ematen dugu hegaldietarako aeronautika eskola ofizialen (ATOS) laguntzarekin, izan ere, gure bezeroen ordutegietara ongien egokitzen dena da, eta ezagutza aeronautikoen derrigorrezko azterketa gainditzeko emaitza onenak ematen dituena.

Prestakuntza presentzialak ere eskaintzen ditugu erabiliko duten aparatuari buruzko ezagutza teknikoa transmititzeko, eta hegaldi eskolak ematen ditugu, lehenik simulagailuarekin eta gero aire librean, ikasleak behar duen trebezia maila har dezan hegaldietako maniobren derrigorrezko azterketa gainditzeko.

Argi utzi nahi dut dronen pilotu ziurtagiria eskuratzeko ikastaroekin gutxieneko ezagutzak lortzen direla, gidabaimena eskuratzea bezalakoa da.

Irakurleek ulertu behar dute pilotu izateko titulua edukitzeak ez zaituela profesional bihurtzen goizetik gauera; agiriak baimena ematen du, ez gaitasuna.

Guk, gure aldetik, praktika gehiago egiten ditugu espezializatzeko, zehazki topografian eta ikerketan, eta, hemendik gutxira, baita ere segurtasun pribatuan aplikatzeko; azken horiek zaintzaileei eta segurtasun indarrei zuzendurik egongo dira.

Ikerketa zentroekiko lankidetza funtsezkoa da etengabe hazten ari den sektore horretan berritzeko…

Egia da bai, izugarrizko abiaduran ari gara aurreratzen. Inflazio teknologiko betean dago gure sektorea. Duela sei hilabete punta-puntan zegoena comodity bihurtu da gaur egun.

Horrek ikertzera eta berritzera bultzatzen gaitu; horregatik egiten dugu lan ikerketa zentroekin, hala nola, Tecnalia, CEIT edo Aragoiko Institutu Teknologikoarekin.

Dronen erabilpen proiektuetan kolaboratzen dugu (teilatuak azkar diseinatzeko modelizazioa), eta gainera, mugarik gabeko autonomia sistema bat garatzen ari gara, komunikazio eta informazio blindatuak izango dituena, biztanledun eremuetan edo espazio radio-elektriko saturatuetan erabiltzeko.

Ez dugu gurpila asmatu nahi; sektoreko enpresa txinatar edo amerikar handiek eskaintzen dituztenez bestelako konponbideak bilatzen ditugu, haiekin ezin baikara lehiatu.

SICUR-Segurtasunaren nazioarteko azokan aurkeztu berri duzue zuen teknologia

Sabico Seguridad enpresak dron espezifiko bat eskatu zigun segurtasun lanetarako. Dron eramangarri bat diseinatu genuen, esparru zabaleko segurtasun kamera bat duena, eta baita ere monitorizazio funtzioak, enfokatzeko aukera, X18rainoko zooma, grabazioa, urruneko tiroak… Jakina, Sabicop izeneko dron horrek hegaldi gaitasun autonomoa dauka programatutako erronda ibilbideetarako.

Baina azoka hartan ikusi genuen bazela bereizgarri bat gure aireontziak zuena eta merkatuko beste ezein dronek ez zuena, sistema bat instalatu geniolako zorabio akustikoa eta itsualdiak eragiteko. Funtsean, segurtasun-lanetan erabiltzeko dron bat da, baina beste sentsore batzuk ere garraiatu ditzake, zeintzuei esker, Sabico enpresak zerbitzu osagarri baliotsuak eskaini ahal izango baitizkie bere bezeroei. Enpresak, berriz, lehiakortasun abantaila handi bat lortuko du bere sektorean.

Horri esker, posible da Sabicok gure I+G-ko proiektu estrategikoetan aktiboki parte hartzea, baldin eta ikusten badu proiektu horiek beren jardueran aplikatzeko modukoak direla eta aukera ematen diela enpresaren zerbitzuei balio erantsia emateko eta lehiakideengandik bereizteko.

Zuatzuko Enpresa Parkean zaudete, berrikuntzaz eta sinergiaz betetako ingurune batean…

Berrikuntza profil altuko enpresaz inguraturik gaude; aukera paregabea aurkitu dugu hemen sektore desberdinetako enpresekin lankidetzan jarduteko, hala nola Neurri (ingeniaritza), Sabico (segurtasuna), multimedia enpresak, arkitekto estudioak, eta abar. Gure ezagutzari esker enpresa horiek jauzi teknologiko handi bat eman dezakete, beren zerbitzuetan eta jardueran berrikuntza eskaintzeko.

Aukera aprobetxatu nahi nuke eskerrak emateko erakundeei (SPRI, BIC Berrilan, Donostiako Sustapena eta CDTI), laguntza handia eman baitigute enpresa eta proiektuak martxan jartzeko, izan ere beren laguntzarik gabe, ez ginatekeen honaino iritsiko.

Info+: http://sqadrones.com

Zuatzu, 2, Igeldo eraikina, 1. solairua, 7. bulegoa. 20018 Donostia, Gipuzkoa.

Mundu fisiko eta birtualeko jokoak, Donostia 2016 ezagutarazteko
Programa Innobideak – Kudeabide 2016