- Bigarren saria Bitxo ekimenak jaso du
Manuel Laborde Werlinden sariaren XX. edizioak Detente eta Bitxo ekimenak aintzatetsi ditu aurkeztu diren bost hautagaien artean; Gipuzkoako lurraldearen garapen ekonomikorako hazkuntzako/espezializazio adimenduneko estrategiarekin bat datozen sektoreetan sartzen dira, besteak beste, bioosasunaren, materialen teknologiaren, jasangarritasunaren eta ingurumenaren eremuan.
Detentek Manuel Laborde Werlinden lehen saria jaso du; bere ekimenak, parte hartzen duten DIPC eta UPV/EHUko ikerketa-taldeen know-how-an oinarrituta, bikaintasuneko ikerketa, oinarrizko ikerketa, enpresa-ekimenaren abiaraztearekin lotzen du. Bertan, talde sustatzailearen diziplina aniztasuna eta enpresak hasieratik duen inplikazioa nabarmentzen ditugu. Haren balio-proposamenaren ardatza karga birikoak detektatzea da, teknika fisiko-kimiko espezifiko eta ultrasentikorretan oinarritutako plataforma baten bidez.
Ekimena Zoraida Freixa Ikerbasqueko ikerketa-irakasleak, Francesc Monrabal eta Juan José Gómez Cadena DIPCeko neutrinoen fisika-taldekoek, Ivan Rivilla eta Fernando Cossío UPV/EHUko kimika organikoko taldekoek eta Thomas Schäfer POLYMAT UPV/EHUko NanoBioSeparaciones taldekoak aurkeztu dute. Ekimenak 7.000 euroko dirulaguntza jaso du, bai eta BIC Gipuzkoaren laguntza eta aholkularitza ere proiektua garatzeko; proiektua, epaimahaiaren iritziz, “merkatuari zientzia-ezagutza transferitzeko esperientzia bikaina da”.
Bigarren saria Bitxo ekimenak jaso du; ekimena tenebrio molitorraren ekoizpenean oinarritzen da, ongarrien elikadura- eta ekoizpen-iturri jasangarri berri gisa. Ekimenean UPV/EHUko ikertzaile eta MUko lizenziatuen arteko lankidetza nabarmentzen dugu, bai eta jarduera ere espezializazio adimenduneko estrategien barruan.
Proiektuaren arduradunak Cesar Martín, Tasio Camarero, Oier Beistegui eta Nahia Barrena dira. Bigarren sari horrek 3.000 euroko balioa du, bai eta ekimena garatzeko BIC Gipuzkoaren laguntza eta aholkularitza ere.
UPV/EHUren eginkizuna
Era berean, proiektuaren kalitateak egiaztatzen du, epaimahaiaren iritziz, “UPV/EHUk Gipuzkoako eta Euskadiko ekosistemaren funtsezko eragile gisa duen eginkizuna, enpresa-proiektu berritzaileak eta balio erantsi handikoak garatzeko”.
Manuel Laborde Werlinden sariak Entreprenari programaren barruan deitzen dira, zeina UPV/EHUk (Gipuzkoako Campusa) eta BIC Gipuzkoa Enpresen eta Berrikuntzaren Europako Zentroak garatzen eta kudeatzen baitute. Haren helburua da ekintzaileak sustatu eta haiei aholkularitza eta laguntza ematea eta UPV/EHUren Gipuzkoako Campusean enpresa berritzaileak sortzea.
Saria honako hauei zuzentzen zaie: UPV/EHUko irakasle-ikertzaileak, UPV/EHUrekin elkarlanean eginiko ikerketa baten emaitzak enpresa berri baten sorreraz ustiatzea erabakitzen duten enpresak eta UPV/EHUko tituludunak, graduatu ondokoak edo azken mailako ikasleak.
Sariaren helburu nagusiak honako hauek dira: unibertsitate-eremuan ideiak eta ekintzailetza-proiektuak sustatzea; unibertsitate-kolektiboan enpresa-kultura bultzatu eta zabaltzea; unibertsitatearen ahalmen berritzailea aprobetxatzea enpresa berriak sortu eta garatzeko, eta enplegua bultzatzeko formula berrietarako bide ematea.
Ekitaldia Joxe Mari Korta zentroan izan da; edizio hau pandemiaren eta osasun-krisiaren baldintzapean egon da. Ekitaldian, normalean, jende-kopuru handia bertaratzen da, baina, aurten, enpresa parte-hartzaileak eta erakunde-ordezkariak baino ez dira egon. Aurten, honako hauek izan dira: Agustín Erkizia UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordea, Jabier Larrañaga Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko Departamentuako diputatua, Leyre Madariaga Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetzaren, Berrikuntzaren eta Informazio Gizartearena eta Marisa Arriola Bic Gipuzkoako zuzendaria.