Toribio Echevarria sarien epaimahaiak hamar finalistak hautatu ditu

http://www.bicgipuzkoa.eus/wp-content/uploads/Foto-de-familia-1024×681.jpeg

Toribio Echevarria sarien epaimahaiak hamar finalistak hautatu ditu

  • Datorren uztailaren 12an izango da 27. edizio honen sariak banatzeko ekitaldia

  • Bosna finalista daude kategoria bakoitzean: Ideiak/Proiektuak eta Enpresa berria.

Toribio Echevarria sarietako hamar proiektu finalistak hainbat sektoretakoak dira: industria/jasangarritasuna, fabrikazio aurreratua, bio/osasuna eta IKT. Duela 27 urte sortu ziren sari hauek, Eibarko udalaren eta BIC Gipuzkoaren laguntzarekin, Euskadiko ekintzailetzako ekimenak saritzeko eta horien sustatzaileei jarduera abiarazten ari zirenean laguntza emateko. Gaur egun Euskadiko ekintzailetzako ideia eta proiektuen lehiaketarik garrantzitsuena dira. Irabazleek 10.500 euro eskuratzeaz gain, laguntza-, aholkularitza- eta prestakuntza-programetan parte hartzeko aukera ere erdietsiko dute.

Guztira 31 enpresa-ekimenek aurkeztu dute sarietarako hautagaitza, industria/jasangarritasuna, fabrikazio aurreratua, bizitzaren zientziak eta IKT sektoreetakoak. Horietako 17 «Ideiak eta proiektuak» kategorian aurkeztu dira, eta gainerako 14ak «Enpresa Berria»n.

«Ideiak eta proiektuak» kategorian, hauek izan dira finalistak: KirolDna, Naiz Fit, Lagundu ID, Ingenious Membranes eta Blackbinder. «Enpresa Berria» kategorian, aldiz, epaimahaiak bost finalista hauek hautatu ditu: Oreka Training, Addilan, HWS, Prospero Biosciences eta Home

«ENPRESAGINTZAKO IDEIAK/PROIEKTUAK» KATEGORIA

  • KirolDna: Kirol amateur eta profesionalarentzako irtenbide bioteknologikoak (analisi genetikoak) garatzea eta merkaturatzea.
  • Naiz Fit: Neurri antropometrikoak eskaneatzeko teknologia garatzea, ikusmen konputazionaleko eta machine learningeko algoritmo-sisteman oinarrituta.
  • Lagundu ID: Izerdiaren osagai nabarmenak denbora errealean aztertzeko gai diren biosentsore eramangarriak (gorputz-tenperatura, bihotz-erritmoa eta zelulen oxigenazioa).
  • Ingenious Membranes: Edateko ura ekoizteko prozesuetan energia eta diru asko aurrezteko aukera ematen duen punta-puntako teknologia eskaintzen du.
  • Blackbinder: Partiturak irakurtzen munduko erreferente izan nahi duen irtenbide teknologikoa.

«ENPRESA BERRIA» KATEGORIA

  • Oreka Training: Txirrindulariek barnean entrenatzeko eta sentsazio erreala izateko aparatua diseinatu, garatu eta merkaturatzea.
  • Addilan: Ekarpen-tasa altuko makina gehigarrien diseinua, ekoizpena eta merkaturatzea.WAAM teknologia
  • HWS: Hormigoizko haize-dorreak garabi igokari berritzaileekin eraikitzeko sistema bat diseinatu eta ekoiztea.
  • Prospero Biosciences: Masa altuko molekulentzako masa-espektrometriako detektagailu berriak garatzea.
  • Health Operations Management Engineers (HOME) logistikako ingeniaritza-enpresa bat da, eta osasun-sektorean konponbide logistikoak eskaintzen ditu, sistemak aztertuz, diseinatuz, garatuz eta mantenduz.

Beste sari batzuk

«Enpresagintzako ideiak/proiektuak» eta «Enpresa berria» kategoriez gain, Toribio Echevarria sariek beste ekimen batzuei ere garapen teknologikorako edo nazioartekotze-prozesurako laguntza ematen diete.

Era berean, iaztik aurrera «Teknologia Ekintzailetzarako Iñaki Goenaga Aintzatespena» ere gehitu zen Toribio Echevarria sarietara. Teknologia berritzearen aldeko apustua eginez ingurunea sozioekonomikoki eraldatzeko ekarpen nabarmena egin duten Eibarko ETEak eta pertsona ekintzaileak aitortzeko sortu zen aipatutako aintzatespena.

Sariok honako helburu nagusi hauek dituzte: oinarri teknologikoko ideiak eta enpresa berritzaileen garapena sustatzea, kalitatezko enplegua sortzea, enpresetan berrikuntza teknologikoa bultzatzea eta ekintzaileen balioa nabarmentzea.

Lehiaketa sortu zenetik enpresa-arloko 600 ideia eta proiektu baino gehiago aztertu dira. Aurreko urteetan saritutako proiektuek 37 milioi euro inguru inbertitu dituzte, eta 750 lanpostu baino gehiago sortu, gehienak kualifikazio handikoak.

Ekitaldia

Toribio Echevarria sarien 27. edizio honen sariak banatzeko ekitaldia uztailaren 12an egingo da, asteazkenez, goizeko 11etan Tekniker Fundazioaren eraikinean, Eibarren, eta bertan izango dira Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburua eta Miguel de los Toyos Eibarko alkatea.

Ekitaldi horretan, «Erosketa publiko berritzaile lehiakortasunerako motor bezala» izeneko konferentzia eskainiko du Manuel Varelak. SILOko zuzendaria da, bai eta erosketa publiko berritzailearen inguruko aditua ere.

Toribio Echevarria sariak Eibarko Udalak eta BIC Gipuzkoak bultzatutako ekimen bat dira, eta honako hauen parte-hartzea ere badute: Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Ekintzailetzaren, Berrikuntzaren eta Informazio Gizartearen Zuzendaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako Departamentua. Gainera, hauek dira kolaboratzaileak: Gipuzkoako Ganbera, Elkargi, APD, El Diario Vasco eta Adegi, Cebek eta SEA enpresaburu-elkarteak.

BIC Gipuzkoa, munduko industria bioteknologikoaren hitzordu garrantzitsuenean
Inauguratu dute Debabarreneko inkubagailu teknologiko berria