Euskal Herriko Unibertsitatearen Ekintzailetzaren I. Biltzarrak euskal ekintzailetza ekosistemako eragile eta protagonista ugari bildu ditu, ekintzailetza prozesuetan unibertsitateak duen zeregina aztertzeko eta balioesteko.
“XXI. mendeko unibertsitate ekintzailea, erronkak eta aukerak” izenburua hartuta, topaketak transferentzia teknologikoko eta berrikuntza irekiko prozesuetan jarri du arreta, unibertsitate ekintzailetzaren arloko nazioarteko ekimen aurreratuenetako batzuk ezagutu ahal izateko.
Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak eta BIC Gipuzkoak antolatutako biltzarra plataforma bat izan da, Euskal Herriko Unibertsitatean ekintzailetza eta berrikuntza estrategiak hedatzean lortutako emaitzak erakusteko eta esperientzia horiek unibertsitateko ekintzailetza prozesuetan aurreratuen dauden nazioarteko ekimen batzuekin partekatzeko.
Ekitaldiaren inaugurazioan Nekane Balluerka Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak eta Agustin Erkizia Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak parte hartu dute. Bertan, unibertsitateak berrikuntzarekin eta ekintzailetzarekin duen konpromisoari balio eta ikusgarritasun handiagoa emateko beharraz aritu da; izan ere, apustu horren emaitzek unibertsitate ingurunetik sortzen diren jarduera, zerbitzu, ikerketa eta startup berriak sortzen dituzte urtero.
Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearen iritziz, jardunaldi hau egitea aukera ezin hobea da jardunbide egokiak identifikatzeko eta alor horretan lan egiteko bide berriak aurkitzeko: “XXI. mendeko unibertsitateak ez ditu irakatsi eta ikertu beharreko helburu estrategikoak murrizten. Jakintzaren transferentzia eta beste erakunde publiko eta pribatuekiko lankidetza jardueraren muinean sartu dira. Horrek inoiz baino beharrezkoagoa egiten du gizarteari irekitzea eta elkarlanerako prestakuntza berriak bilatzea”.
Transferentzia teknologikoaren esparruan, kongresuak balorizazio eta transferentzia prozesuetako alderdi kritikoak aztertu ditu, nazioarteko ekosistema aitzindarien ordezkari nabarmenen esku hartzearekin. Mahai inguru batek transferentzia teknologikoko prozesuak jorratu ditu, unibertsitaterako diru sarreren eredu iraunkor baten ikuspegitik. Bertan izan dira Anne Kaine Bourcies Bordeleko Unibertsitateko Berrikuntza, Ekintzailetza eta Harreman Korporatiboen arduraduna, Gil Granot The Weizmann Zientzia Institutuko zuzendari nagusia, Tamar Raz Hadasiteko CEO (Jerusalengo Hadassah zentro medikoaren transferentzia teknologikoko enpresa) eta Hadasit Bio-Holdingseko presidentea, Yehuda Yarmut, Singapurreko Nanyang Unibertsitate Teknologikoko lankidetza estrategiko eta industrialerako zuzendaria eta Elena Canetti, Inveniam Groupeko bazkidea. Nork bere esperientzia aurkeztu du bertan eta azpimarratu dute elkarlanean oinarritutako eredu irekiak bultzatu behar direla, teknologia transferitzeko ereduen iraunkortasunerako eta arrakastarako funtsezko faktore gisa.
Berrikuntza prozesu irekiei dagokienez, enpresak eta inbertitzaileek unibertsitateetan sortutako berrikuntza merkaturatzeko duten eginkizunari buruz eztabaidatu da, berrikuntza esperientzia irekia duten enpresen eta kapital funtsen ordezkariek parte hartu duten solasaldi batean. Bertan azaldu dute zer gako diren, beren ikuspegitik, inbertitzeko proiektu bat interesgarri egiten dutenak. Horiekin batera, unibertsitatetik sortutako bi spin-off-eko CEOek, Datik eta Quimatrixek, azaldu dituzte beren proiektuen bilakaeran alderdi garrantzitsuenak.
Zientziaren merkaturatzearen erronkak eta aukerak edo startup-en finantzaketa etapa goiztiarretan ere izan dira kongresuaren esparruan jorratutako gai interesgarriak, eta inplikatutako funtsezko eragileen arteko bilerak eta topaketak ere egin dira: eskaintza teknologikoa, spin-offak, administrazioak, enpresak eta inbertitzaileak
Bertaratutakoek aukera izan dute, halaber, Euskal Herriko Unibertsitatean teknologien merkaturatzean diharduten ikertalde nagusien eskaintza zientifiko-teknologikoa ezagutzeko, eta Euskal Herriko Unibertsitatean sortutako jakintzatik sortutako spin-offen aurkezpenetara joateko, eremu estrategikoetan, hala nola bio/osasuna, energia/mugikortasuna edo fabrikazio aurreratua/IKT.