‘EutectoDerm’ egitasmoak eta ‘Nanoclick’ tesiak irabazi dituzte 2024ko Manuel Laborde sariak

Donostian, 2024ko azaroaren 29an.- ‘EutectoDerm’ egitasmoa eta ‘Nanoclick’ tesia saritu dituzte Manuel Laborde Werlinden sariketaren XXIV. edizioan. Osasunaren, zientziaren eta materialen teknologiaren sektoreen barruan kokatzen dira bi egitasmoak, eta horien balio proposamena nabarmendu du epaimahaiak, baita proiektuaren heldutasuna bere gain hartzeko gaitasuna duen talde sustatzaile bat izatea ere.

‘EutectoDerm’ egitasmoak ‘Egitasmo Berritzaile Berria’ saria irabazi du. Proiektu berritzailea da, eta jatorri biologikoko solbatzaile eutektikoak garatzen ditu, tratamendu antimikrobiar eta antiinflamatorio topikoetarako. Zauriak orbaintzeko eta azala zaintzeko erabiltzen dira horiek.Proiektuak kualifikazio altuko ekintzaileen talde bat du, eta Marcelo Calderón eta Matías Picchio dira talde horren buruak. Horiek ibilbide zientifiko luzea dute, eta enpresa liderrekin batera lan egin izan dute, hala nola Beiersdorf eta I+Med enpresekin. Sari honek 7.000 euroko laguntza ekonomikoa hartzen du barne, eta, horrez gain, BIC Gipuzkoaren laguntza eta aholkularitza, proiektua garatzeko.

‘Nanoclick’ doktorego tesia ‘Gradu Amaierako Lanak – Master Amaierako Lanak – Doktorego Tesiak’ kategorian saritu dute. Mintz elektroardaztuen garapenean oinarritzen da. Horiek oso moldakorrak dira, eta, horri esker, hainbat aplikaziotarako pertsonaliza daitezke, nanozuntzen konposizioak aldatuta edo hainbat agente funtzionalizatzaile txertatuta. Produktu hori behar ugaritara egokitzeko gai da. Hala, hondakin uren tratamendurako instalazioak, sektore biomedikoa eta iragazkiak fabrikatzen dituzten enpresak dira erabiltzaile nagusiak. Stefano Torresik aurkeztu du tesia. Gaur egun, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako GMT ikertaldeko kidea da. Nabarmentzekoa da harreman estua duela UPV/EHUko ekosistemarekin, proiektuaren garapenari dagokionez. Kategoria honek 3.000 euroko laguntza ekonomikoa hartzen du barne, eta, horrez gain, BIC Gipuzkoaren laguntza eta aholkularitza, egitasmoa garatzeko.

Proiektu berritzaileak unibertsitateko ingurunean

24. edizio honetan 11 hautagai aurkeztu dira: 7 ‘Egitasmo Berritzaile Berria’ kategorian eta 4 ‘Gradu Amaierako Lanak – Master Amaierako Lanak – Doktorego Tesiak’ kategorian.Epaimahaiaren iritziz, “aurkeztutako proiektuen kalitateak berriz ere baieztatu du UPV/EHU funtsezko eragilea dela Gipuzkoako eta EAEko ekosisteman, balio erantsi handiko enpresa proiektu berritzaile berriak garatzeko”. Aurkeztutako egitasmoak lerrokatuta daude Gipuzkoaren garapenerako hazkunde eta espezializazio adimendunaren estrategiarekin. Hainbat sektoretako egitasmoak aurkeztu dituzte: bio/osasuna, materialen zientzia eta teknologia, adimen artifiziala, jasangarritasuna eta ingurumena, eta digitalizazioa.

Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Campusak eta BIC Gipuzkoak garatutako eta kudeatutako Entrepenari Programan dute jatorria Manuel Laborde Werlinden sariek.Unibertsitateko ingurunean ekintzailetzarekin lotutako ideiak eta proiektuak sustatzea da sariketaren helburua. Edizio honetan aurkeztutako hautagaitzak Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle-ikertzaileenak, tituludunenak, graduondokoren bat egin dutenenak edo UPV/EHUko azken ikasmailan dauden ikasleenak izan dira.

Banaketa ekitaldia

Gaur eguerdian banatu dituzte sariak, Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko Gradu Aretoan. Ekitaldian izan dira Agustín Erkizia, UPV/EHUren Gipuzkoako Campuseko errektoreordea; Ane Insausti, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomiaren Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako ahalduna; Aitor Urzelai, SPRI Taldeko zuzendari nagusia; eta Marisa Arriola, BIC Gipuzkoako zuzendaria. Era berean, ekintzailetzaren, unibertsitatearen, zientziaren eta enpresen arloko pertsona ugari bertaratu dira. Egin dituzten parte hartzeetan, Gipuzkoako enpresa ehuna eraldatzen laguntzeko ideia eta proiektu berriak sustatzen jarraitzeak duen garrantzia nabarmendu dute erakundeen ordezkariek.

Ekitaldian hitzaldia egin du Borja Calvo Molinosek, UPV/EHUko Informatika Fakultateko irakasleak: ‘Walking through Artificial Intelligence’. Hitzaldian zehar, ikaskuntza eta esplorazio esperientzia bat eskaini du, eta adimen artifizialak eskaintzen dituen aplikazioez, aurrerapenez, erronkez eta aukerez hitz egin du. Halaber, mahai inguru batean, adimen artifizialaren arloko esperientziak partekatu dituzte Naru Intelligence enpresako Eider Sánchezek, Cabala enpresako Jon Peyk eta Skootik enpresako Unai Martinezek.

‘EutectoDerm’ egitasmoak eta ‘Nanoclick’ tesiak irabazi dituzte 2024ko Manuel Laborde sariak
Marisa Arriolak Gipuzkoako Urrezko Domina jaso du