- Gaur inauguratu du Pasaiako portuan Basajaun Testing Site, 5.100 tonako karga-ahalmena duen froga-bankua, osagai handiak manipulatu eta instalatzeko erabiltzen diren jasotze-elementu ez-konbentzionalak probatzeko Europako instalaziorik handiena.
- Gainera, luze gabe, itsas-sektore eolikoari zuzendutako jasotze-osagaiak fabrikatzeko ekoizpen-lantegi berri bat irekiko du, Lizartzan duen lantegi nagusiaren egungo ekoizpen-gaitasuna indartzeko.
- Enpresa gipuzkoarrak 3 milioi euro inbertitu ditu 3.500 m2-ko guztizko azalera duten dartsenako instalazio berrietan.
(Pasaian, 2025eko osailaren 14an).- Kimua enpresa gipuzkoarrak offshore energia berriztagarrien itsas-mapan duen posizionamendua indartu du, itsas-energiaren sorkuntza-instalazioei zuzendutako jasotze-soluzioak ekoitzi eta probatzeko Pasaiako portuan ireki duen 3.500 m2-ko espazio berriarekin.
Industria arloko osagai handiak instalatu, mantendu edo manipulatzeko ingeniaritza-soluzioen garapenean espezializatuta dagoen Lizartzako konpainiak 3 milioi euro inbertitu ditu guztira froga-banku bat eta ekoizpen-lantegi bat eraikitzeko.
Pasaiako portuko dartsenako kai batean duen kokapenari esker, enpresak itsasoz erantzun ahal izango die Siemens Gamesa, Nordex Acciona, Vestas eta General Electric bezalako bezeroek merkatu eolikoaren arloan dituzten behar eta erronkei.
”Azpiegitura honekin aurrea hartu diegu itsas-sektore eolikoaren eskakizunei, izan ere, sektoreak dituen osagai gero eta handiago eta astunagoek gero eta ahalmen handiagoko soluzioak behar dituzte eta garrantzizko erronka logistikoak planteatzen dituzte garraiorako”, nabarmendu du Iñaki Oreja Kimuako Managing arloko zuzendariak.
Gaur, ostirala, otsailak 14, Kimuak Basajaun Testing Site froga-bankua inauguratu du, eta bertan izan dira, besteak beste, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia, Andoitz Korta Eusko Jaurlaritzako Industria Sustatzeko sailburuordea eta Joakin Telleria Pasaiako Portu Agintaritzako presidentea.
Ekitaldian izan dira, halaber, enpresa osatzen duten 60 langile inguru, instalazio berrien irekierak konpainiaren apustu estrategikoaren barruan duen garrantzia agerian utziz.
Bere hitzaldian, Gipuzkoako diputatu nagusiak ziurtatu du Aldundiak “irmoki” babesten dituela enpresen “garapena eta berrikuntza” eta, azpimarratu duenez, Basajaun eta Kimua Port Pasaiako Portuan martxan jartzea Gipuzkoako enpresa sarearen “indar berritzailearen adibide argia” da.
“Kimuak, I+Grako duen gaitasunari eta etorkizunerako duen ikuspegiari esker, Europako azpiegitura handiena sortu du estandarizatu gabeko igogailu-soluzioak probatzeko, eta arrakastaz egin die aurre itsasoko sektore eolikoaren erronka handiei. Mugarri horrek indartu egiten du Gipuzkoak hornikuntza-kate globalean duen lehiakortasuna, eta balioa ematen die gure enpresa-sarearen gaitasunei, bai eta enplegua sortzen duten eta jasangarritasunaren erronkari laguntzen dioten asmo handiko proiektuak sortzeko gaitasunari ere”.
Era berean, Kimuak Pasaiako Portuaren alde egindako apustua eskertu du, “dibertsifikazio eta hazkunde ekonomikoari” laguntzen diolako, lurraldearen orainerako eta etorkizunerako “funtsezko azpiegitura” baterako aukera berriak sortuz.
Europako handiena
5.100 tonako karga-ahalmena eta 2.000 m2-ko azalera dituela, Basajaun Testing Site tamaina handiko jasotze-soluzio bereziak probatzeko beren-beregi diseinatuta dagoen Europako froga-bankurik handiena da.
Eremu honetan, portuan bertan eraiki eta 1.500 m2-ko guztizko azalera izango duen KIMUA Port ekoizpen-lantegi berrian ekoitzi beharreko jasotze, manipulazio eta instalazio elementuen funtzionamenduaren egiazko baldintzak simulatu ahal izango dira
“Probak estatikoak edo dinamikoak izan daitezke. Lehenengo kasuan, froga bakarra egingo da, eta bigarrenean, ziklo jarraituak egingo dira denbora-tarte batean osagaien nekea neurtzeko. Hau behar-beharrezkoa da kargak etengabe jasan behar diren kasuetan”, azaldu du Kepa Eizagirre Basajaun Testing Siteko Site Managerrak.
KIMUAk dorre eolikoaren osagai kritikoak portuan manipulatzeko edota itsas zabalean kokatutako parke eolikoetan instalatzeko ekipamendua fabrikatuko du, beste hainbat soluzioren artean. Era berean, elementuak itsasontzien gainean garraiatzeko euskarriak garatuko ditu.
“Portutik bertatik giltza eskura moduko soluzioak eskaintzea da helburua. Kimua Port-en offshore eolikorako soluzioak ekoitziko ditugu nagusiki, baita itsas-energiako beste industria batzuei zuzendutakoak ere, marea-energia eta Oil & Gas tarteko direla. Ondoren, Basajaun Testing Siten testatuko ditugu, eta baliozkotu ondoren, itsasoz bidaliko dizkiogu bezeroari”, gaineratu du Lucas Mejía Kimuako Business Development Managerrak.
KIMUAri buruz
2011n sortu eta egoitza Lizartzan (Gipuzkoa) duen Kimua enpresa onshore eta offshore sektore eolikoetarako eta trenbide-sektorerako osagai astun eta kritikoak jasotzeko ingeniaritza-soluzioetan espezializatuta dago. 60 langile ditu, % 75eko esportazio-maila, eta bere teknologia Estatu Batuak, Japonia, Australia, Alemania, Herbehereak, Danimarka, Norvegia eta beste merkatu batzuetara zabaldu da.