Marisa Arriolak Urrezko Domina jaso du, ekintzailetza bultzatzeko egin duen ekarpen “erabakigarriagatik” eta konpromiso sozial “eredugarriagatik”
Lurraldeko sari garrantzitsuena emateko ekitaldian, Eider Mendoza diputatu nagusiak “urrats ausartak” egiten jarraitzearen alde egin du, enpresa proiektu berriak “sortu eta erakarri” ahal izateko, eta, horrela, “etorkizuneko sektoreak garatzeko eta Gipuzkoako industriaren dinamismoa indartzeko”.
Marisa Arriola Nietok Gipuzkoako Urrezko Domina jaso du gaur Eider Mendoza diputatu nagusiaren eskutik, lurraldean ekintzailetza bultzatzeko zereginean “luzaroan egin duen ekarpenagatik”, bai eta “minbizia duten pertsonen bizi kalitatearen eta ongizatearen alde” egindako lanagatik ere. “Sustraiak eta hegoak eman dizkiezu pertsona askori; eta, horrekin batera, inspirazioa eta itxaropena, Gipuzkoa pertsona guztien ongizate osoa zaintzen duen gizarte arduratsu gisa ulertzen dugun guztiontzat”, adierazi du diputatu nagusiak.
Gipuzkoako mundu ekonomiko, sozial eta akademikoaren ordezkaritza zabal baten aurrean, diputatu nagusiak Marisa Arriolak Gipuzkoako BICen gidaritzan egin duen lana nabarmendu du. Lan horren bitartez, “500 enpresa baino gehiago sortzen, hedatzen eta finkatzen lagundu du, guztiak ere osagai teknologiko eta balio erantsi handiko proiektuak”. “Zeregin garrantzitsu eta erabakigarri gutxi bururatzen zaizkit komunitate baten etorkizunerako, ekintzaileei eta negozio bat abian jarri eta hazteko ametsa bilatzen dutenei laguntzea baino. Enpresa bat sortzeaz ari naiz, baina ez norberaren bizibide gisa soilik, kalitatezko eta ongizateko enplegua sortzeko tresna gisa ere bai, gizartearen aurrerapenean eta bizi kalitatean lagungarri izango diren produktuak eta zerbitzuak eskaintzeko, oro har”, zehaztu du.
Gaineratu duenez, denbora horretan guztian, BIC Gipuzkoa ekintzailetza ekosistemaren “ardatz nagusi” bihurtu da, gure ekonomiari “dinamismoa” ematen diona eta ekonomia “gero eta toki hobean kokatzen ari dena etorkizuneko sektoreetan, hala nola biozientzietan, fabrikazio aurreratuan, zibersegurtasunean, silver ekonomian, teknologia kuantikoetan eta mugikortasun jasangarrian”. Ekosistema hori indartzera bideratutako ekimen guztietan, Arriolaren parte-hartzea “erabakigarria eta funtsezkoa” izan da, betiere ekintzaileen interesak defendatuz eta enpresa proiektu berriak sortzeko eta erakartzeko beharrezko baldintzak bultzatuz.
“Ekintzailetza sustatzeaz ari garenean, pertsonei lagunduko dien testuingurua sortzeaz ari gara, pertsonen ahalmen berritzailean konfiantza izateaz eta sinesteaz”, hausnartu du Mendozak, eta ekintzaileen alde “urrats ausartak” egiten jarraitzeko konpromisoa hartu du. “Europako ekonomiak bizi duen bidegurutzean, gure enpresek Europako industriaren lehiakortasuna eta berrikuntza gaitasuna jokoan dagoen honetan, gure enpresak aitzindariak izan nahi dugu eraldaketa horretan”, osatu du, eta horretarako, bere iritziz, beharrezkoa da ekintzailetzaren “giltza” aktibatzen jarraitzea, Gipuzkoako industriaren barruan “etorkizuneko sektoreen dinamismoa eta garapena indartzeko” bide gisa.
“Zure konpromiso sozialak ere itzal handia du”, iradoki du Mendozak, bai ekonomiaren eremuan “berdintasuna sustatzeko” garaian, bai eta “minbiziaren aurkako borrokan, sentsibilizazioan eta ikerketan aurrera egiteko beharraz ohartaraziz, ataka zail horretan daudenei helduleku bat eskainiz; pertsonak zaindu eta babesteko beharra azpimarratuz”, osatu du diputatu nagusiak, Minbiziaren aurkako Elkartearen buru gisa egindako lana aipatuz.
“Jarrai dezagun lankidetzan, ekintzailetzaren eta elkartasunaren balioak sendo errotzeko, gure gizartearen funtsezko balioak baitira, eta, gizarte gisa, abiadura bizian eraldatzen ari den mundu honetan aurrera egiteko”, laburbildu du diputatu nagusiak.
Europa mailan, “ekintzailetasun zientifiko eta teknologikoan” puntako
Marisa Arriolak esker oneko hitzekin jaso du Urrezko Domina; izan ere, “ohore handia eta erantzukizun handia” baita beretzat, aitortu duenez, eta saria hori BIC Gipuzkoako taldearekin eta bere ibilbidean lagundu dioten funtsezko pertsonekin konpartitu nahi izan du. Bere hitzaldian, nabarmendu du Gipuzkoak “ondo egituratutako eta sektore estrategikoetan ongi fokalizatutako” ekintzailetasuna bultzatzeko eredu publiko-pribatua duela. Ekosistema horrek hazkunde handia izan du azken 12 urteetan, bere hitzetan, “azpiegitura espezializatuen garapenari, Ikerbasque Fundazioari eta espezializazio adimenduneko estrategiei esker”. Izan ere, horiek bultzada handia ematen diote Deep Tech enpresak sortzeari. Nabarmendu duenez, “ekintzailetza zientifiko eta teknologikoan nabarmentzen” den Europako lurraldeetako bat da Gipuzkoa.
Edonola ere, Europan aurre egin beharreko “erronka anitzei” heltzearen alde egin du BIC Gipuzkoako zuzendariak eta, Draghi txostenari erreferentzia eginez, “urrats gehiago” emateko beharraz hitz egin du, ekintzaile gehiago eta etorkizuneko enpresa gehiago lortze aldera.
Minbiziaren aurkako borrokan egindako lanari dagokionez, Arriolak bere bizipenak kontatu ditu, 2013an bularreko minbizia diagnostikatu ziotenetik, eta Osakidetzaren aldeko hitzak izan ditu. Alor horretan horretan, “bikaintasunez egindako ikerketan inbertitzeko beharra azaleratu du, baliabide ekonomikoekin berrikuntza proiektuak bultzatzeko premia, ikerketa biomedikoko institutuetatik eta ospitale publikoetatik sortzen diren enpresa berriei maileguak ematekoa”, besteak beste.
Urrezko Domina emateko ekitaldia ohorezko ezpata dantzarekin hasi da Gipuzkoa plazan, eta Añorgako Arkaitz dantza taldeko dantzariek harrera egin diote. Barruan, Malentxo Zeberioren ahotsarekin tartekatu dira hitzaldiak, Itsaso Etxebesterekin (baxua), Miren Zeberiorekin (biolina) eta Juantxo Zeberiorekin (pianoa) batera. Bestalde, Ainhoa Aizpuruk, Ekonomia Sustapeneko foru diputatu ohiak eta BIC Gipuzkoako Arriolaren lankideak, eta Javier García Cogorrok, bioteknologoak eta Viralgen enpresaren sortzaileak, laudatioa egin dute. Hitz horiek ikus-entzunezko batekin osatu dira, Maider Fernandez Iriarte errealizadoreak egindako lan batekin, alegia.
Ekitaldian lurraldeko hainbat arduradun instituzional izan dira, hala nola Bakartxo Tejeria, Eusko Legebiltzarreko presidentea; Xabier Ezeizabarrena, Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea, batzarkide taldeen ordezkaritza batekin batera; Eneko Goia eta Jon Iraola Donostiako eta Eibarko alkateak, hurrenez hurren; Jaione Ganzarain, Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea eta Adolfo Morais, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordea. Era berean, azken urteotan Gipuzkoako Urrezko Domina jaso duten pertsona ezagunak ere ez dira falta izan, hala nola, Andrés Arizkorreta, Jose Mari Sors (Elkar taldea), Nerea Ibáñez (Aspegi), Jose Antonio Urbeltz, Pedro Miguel Etxenike, Antxon Elosegui (Donostiako Orfeoia), Miriam Urkia (Euskaltzaindia), ekintzailetza eta ekonomiaren arloko aurpegi ezagunak, hala nola, Isabel Busto (ADEGI), Mauri Arregi (Ganbera), Zenon Vázquez (Elkargi), Ander Aizpurua (Kutxa Fundazioa), eta Pello Rodriguez eta Iñigo Ucín (Mondragon). Baita ere, Minbiziaren Aurkako Elkarteko Pedro Esnaola eta Julia Salaverria, eta Deustuko Unibertsitateko errektore Juan Jose Etxeberria, eta Raul Anton eta Agustin Erkizia ere, Tecnun-en eta UPV/EHUren izenean, hurrenez hurren.
Marisa Arriolaren biografia
Marisa Arriola Nieto Geografia eta Historiako lizentziatua da, Erdi Aroko Historian espezializatua, Salamancako Unibertsitatean; EHUn Pertsonen Zuzendaritzako masterra egin zuen eta IESE Business School-en, Zuzendaritza Nagusiaren Programa (PDG). Bere ibilbide profesionalean zehar oso esparru ezberdinetan lan egin du, hala nola industria sektoreko prozesuen aholkularitzan, 1998an BIC Gipuzkoa Berrilanen gidaritza hartu aurretik, eta gaur egun bertan jarraitzen du. Gainera, irakaslea da zenbait unibertsitatetan: Ekintzailetza eta barne-ekintzailetza ikasgaia ematen du Deustuko Unibertsitateko MBA-EMBAn (Bilbo); irakasle gonbidatua da EHUko Psikologia eta Esku-hartze Psikosozialeko Masterrean; Nafarroako Unibertsitateko Ingeniaritza Eskolako ekintzailetza katedrako kide da, eta esparru horretako estrategiari buruzko hainbat ponentziatan parte hartu du, bai estatuan, bai nazioartean. 2022. urteaz geroztik, Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteko lehendakaria ere bada.
Urrezko Domina Foru Aldundiak ematen duen aitorpen gorena da, eta 1982an eman zen lehen aldiz. Hauek dira orain arte saritutako pertsonak eta kolektiboak: Jose Miguel Barandiaran (1982), Manuel Lekuona (1983), Orfeon Donostiarra (1985), Eibarko Armeria Eskola (1987), Carlos Santamaria (1991), Euskaltzaindia (1994), Jorge Oteiza, Eduardo Chillida eta Juan Mari Arzak (1998), Iñaki Gabilondo, Juan Celaya eta Jose Maria Setien (2003), Menchu Gal, Xabier Arzalluz eta Arrasateko kooperatiba mugimendua (2005), Pedro Luis Uriarte, Carlos Garaikoetxea eta Jaime Garcia Añoveros (2005), Pedro Miguel Etxenike, Itziar Astiazaran eta Andoni Egaña (2006), Mikel Laboa (2008), lehen ikastoletako andereñoak (2009), Angel Olaran (2010), Nestor Basterretxea, Egunkaria eta Egin (2013), Benito Lertxundi (2014), Gipuzkoako harrera familiak eta Ordena Publikoko Auzitegiak kondenatutako gipuzkoako emakumeak (2014), XX. mendeko 40, 50 eta 60ko hamarkadetan Espainiatik Gipuzkoara etorritako pertsonak (2015), Juan Antonio Urbeltz (2015), Ramon Saizarbitoria (2016), frankismoaren biktimak (2017), Jakin taldea (2018), Aspegi (2019), Donostiako Matia kaleko Gurutze Gorriaren zentro soziosanitarioa (2021), Elkar Taldea (2022) eta Andrés Arizkorreta García (2023).