Mugikortasun adimendun eta jasangarriarekin lotutako enpresak bildu egin dira beren esperientziak partekatzeko eta ideia berriak sortzeko

Donostia, urriak 10 – Lurraldeko enpresa ekosistemako 50 bat eragile bildu dira gaur goizean Gipuzkoako Ganberan, mugikortasun adimendun eta jasagarriaren inguruan esperientziak partekatzeko eta ideia berriak sortzeko. Topaketa Gipuzkoako Ganbera eta BIC Gipuzkoaren INGIMOB programaren barruan egin da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin, ‘World Café’ formatupean. Honen bitartez, parte-hartzaileek beren ekarpenak egin ahal izan dituzte barne-ekintzailetza eta dibertsifikazioa bultzatuko dituzten ekintza eta aukera berriak garatzeko.

Jardunaldian azaldu den bezala, Gipuzkoako lurraldea Europako mugikortasun adimendun eta jasangarriaren hub nagusietako bat izaten ari da. Horren erakusgarri da MUBIL bezalako estrategien aldeko apustua. Izan ere, urteak daramatza sektore horretan ezagutza, teknologia eta proiektu aurreratuak sortzen laguntzen, espezializazio adimendunaren printzipioari jarraituz eta enpresen, zentro teknologikoen, unibertsitateen eta LHren eta euskal eremuko administrazio publiko guztien gaitasunak batuz.

Bestalde, Jon Gurrutxaga Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza zuzendariak azpimarratu duenez, “mugikortasunaren sektoreak bizi dituen eraldaketek bete-betean eragiten diote gure ehun ekonomiko eta industrialari, automobilgintzak eta beste sektore batzuek duten pisuagatik. Egokitzea funtsezkoa da gure lehiakortasunari eusteko, eta horrek etorkizuna prestatzen jarraitzea eskatzen du, gaurkoa bezalako zalantzaz beteriko orainaldi batean”, esan du jardunaldiaren hasierako hitzetan.

Jarraian, Ainhoa Unamuno BIC GIPUZKOAko proiektu-zuzendariak ekitaldian aurkeztu ditu azken bost urteetan landu diren hamar dibertsifikazio-proiektu. Proiektu horietako batzuk baterien kudaketa-sistemarekin, bizikleta elektrikoekin edo ibilbide jasangarriagoen diseinuarekin lotuta daude, adimen artifizialaren laguntzarekin. “Prozesu horietan egiaztatu dugu industria lehiakorra dugula, ondo kokatua, ezagutza teknologiko eta ekoizpen-gaitasun handiekin, merkataritza-prozesua, hori guztia, egungo merkatuan duen balio-proposamena hobetzeko beharra ahaztu gabe”, adierazi du Unamunok.

Jardunaldian, CAF taldeak mugikortasunaren etorkizunari buruzko bere ikuspegia aurkeztu du, irtenbide alternatibo eta adimendunen garapenaren ikuspuntutik, etorkizuneko garraio jasangarriago eta eraginkorrago bat helburu hartuta. Imanol Iturrioz, talde honetako I+G arduraduna hartu du hitza.

Igor Villarreal, MUBILeko zuzendari nagusia, izan da lan-mahai ezberdinetan jorratutako gaien emaitzak partekatzeaz arduratu dena. Aukera berriak sortzearekin, gure enpresek dibertsifikatzeko duten gaitasunarekin eta, azkenik, erakunde publikoen zereginarekin lotutako galderak izan dira.

Ondorioen artean, automobilgintzatik harago doazen sektoreetan merkatuak eskaintzen dituen aukera nitxoak aprobetxatzen jakitearen garrantzia azpimarratu dute, baita Gipuzkoako ekosistemaren parte diren enpresen arteko lankidetza handiagoa bultzatzea ere, mugikortasunaren arlo horretan lehiakideak egoteak dakarren mehatxuaren aurrean.

Bestalde, parte hartu duten enpresek Gipuzkoako markaren posizionamendua handitzeko beharra nabarmendu dute, eta erakunde publikoei dei egin diete sektore horri laguntzen jarrai dezaten finantzaketan, talentua atxikitzean, kontzientziazioan edo berrikuntzan, besteak beste.

MUBILeko zuzendari nagusiak Eskuzaitzetako Mugikortasun Adimentsu eta Jasangarrirako MUBIL Center zentroa abian jartzeak dakarren aukera azpimarratu du, beste zentro teknologiko batzuen egoitza berriekin batera, Gipuzkoa arlo horretan kokatzeko eta elkarlanerako aukera eta esparru berriak sortzeko polo bat bultzatuko dutenak.

Azkenik, eta jardunaldiari amaiera emateko, gogorarazi da urriaren 24an MUBIL Mobility Awards sarien laugarren edizioaren azken ekitaldia egingo dela Tabakaleran, gizartean eragin positibo handia izan dezaketen startup teknologikoen nazioarteko proiektu onenak saritzeko. Guztira, sei proiektu finalista aukeratu dira, eta lehen eta bigarren sailkatuek 16.500 euro banatuko dituzte saritan, eta beste 18.500 euro finantzaketan, ideia horiek mugikortasun adimendun eta jasangarriaren euskal ekosistemako eragileekin lankidetzan gara ditzaten.

Irekita MANUEL LABORDE WELINDEN Sarien 24. edizioa
Zabalik dago 2. deialdia, kirolean berrikuntza teknologikoko proiektuak dituzten Gipuzkoako ikertzaileentzat, azaroaren 15era arte