Smowl tresnak goitik behera aldatu du eLearning-a aurpegien errekonozimenduaren bidez

Sistema hori, Vicomtech zentroko spin off batek sortua, bere bidea egiten ari da nazioarteko merkatuan

Onlineko prestakuntza gero eta hedatuago dago, aukera handiak eskaintzen baititu ikaskuntza malgutzeko. Baina zenbat eta gehiago zabaldu, orduan eta gehiago dira ikasleen nortasuna egiaztatzeko sistema fidagarriak behar dituzten hezkuntza-erakundeak. Smowl tresnak erabiltzaileen nortasuna bermatzen du Internet bidezko edozein prestakuntza-prozesutan, eta ez bakarrik azterketak egitean, baita ere ikastaroak dirauen denbora guztian.

Gipuzkoako startup hori Vicomtech ikerketa aplikatuko zentroaren spin off bat da, eta, hain zuzen, Vicomtech-en bertan garatu ziren sistema berritzaileak darabiltzan aurpegi errekonozimenduko algoritmoak. “Smowl sortu genuen teknologia hori onlineko prestakuntzaren mundura eramateko” dio Alex Veak, enpresako zuzendari estrategikoak, “sistema horri esker posible da ikaslea nor den egiaztatzea eta monitorizatzea, ikaskuntza-prozesuko edozein jarduera egiten duen bitartean”. Tresnak elkarrekin konbinatzen ditu aurpegien errekonozimendu automatikoa eta eskuzko ikuskapena, horrela bermatzeko inork ez duela besteren nortasunik hartzen edo ez dagoela portaera desegokirik.

“Orain arteko konponbide gehienak live proctoring teknologian oinarritzen ziren, hau da, onlineko azterketetan bideo bidezko zaintza egiten zen eta pertsona batek ikaslea ikusten zuen uneoro ordenagailuaren kameratik” azaldu du Alex Veak “baina horrelako sistemak oso garestiak dira, zailak dira eskalatzeko eta azken azterketan bakarrik zentratzen dira”. Smowl sistemak eskaintzen duen proctoring edo egiaztatze-eredu automatikoak ausazko irudiak hartzen ditu eta aurpegien errekonozimendu automatikoa erabiltzen du. Hala, hezkuntza-prozesu osoan erabil daiteke egiaztatzeko ikasleak ikaskuntza-lan guztiak egin dituela, eta ez dio mugarik jartzen ikasle kopuruari.

Enpresa gipuzkoarra Estatuko liderra da hezkuntza-erakundeentzako online zertifikaziorako konponbideetan eta presente dago 15etik gora herrialdetan. 2018an, Horizontea 2020 estrategiako ETE Tresna programak Smowl aukeratu zuen bere 2. Faserako, eta Europako Batzordearen finantzaketa eskuratu du proiektua eskalatzeko nazioarteko merkatuan. Horri esker, 2020an eskala handiko proiektu pilotuak jarriko dituzte martxan 10.000 erabiltzailerekin Latinoamerikako hainbat herrialdetan. “eLearning-a Latinoamerikan hazi da gehien azken urteotan, horrelako konponbideen eskaera handia dagoelako, beraz, guretzat lehentasunezkoa da han kokatzea” adierazi du Smowl enpresako zuzendari estrategikoak.

Duela gutxi, euskal enpresa aukeratua izan da AWS EdStart azeleragailuan sartzeko. Hezkuntza arloko teknologian espezializatutako startup-en azeleragailu bat da, eta Amazon-ek abiarazi zuen, ikaskuntzaren arloko konponbide berritzaileen ekosistema bat sortzeko. Bestalde, Smowl lau finalistetako bat izan da MassChallenge Biscay programan. Programa hori Bizkaiko Foru Aldundiak eta azeleragailu iparramerikarrak sinatutako akordio baten emaitza da. Hala, MassChallenge ekimenaren nazioarteko finalaurrekoan lehiatuko da maiatzean.

Bic Gipuzkoak startup hau babestu du, Ekintzaile-Txekintek programaren bitartez, Eusko Jaurlaritzak SPRI Taldearen eskutik eta Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatuta.

www.spri.eus

 

BioTech Foods enpresak irabazi du EmprendedorXXI Sari banaketa Euskadin
4 euskal startup MassChallengeren munduko finalerdira heldu dira