Surphase eta Ekolber enpresek lortu dituzte Ekintzailetza Berritzailearen Toribio Echevarria Sariak

Surphase, ‘Enpresa Asmoak’ kategorian, eta Ekolber, ‘Enpresa Berria’ kategorian, izan dira ekimen irabazleak gaur eguerdian Eibarren eman diren Toribio Echevarria sarien – Euskadiko Ekintzailetza Berritzailearen sarien 29. edizioan. Bi proiektuak izan dira, ingurumen-jasangarritasunerantz bideratuak biak ere, sariak banatzeko ekitaldiaren protagonistak. Ekitaldian bertan, gainera, Naru Intelligence enpresari eman diote ‘Nazioartekotzeko Babesa’ saria eta BOJ eta Alimek enpresei ‘Iñaki Goenaga’ aitorpena.

Toribio Echevarria Sariak Eibarko Udalak eta BIC Gipuzkoak sustatzen dituzte, pertsona ekintzaileen lana aitortzeko, eta ekintzailetza berritzailea eta enpresa-proiektu berrien sorrera bultzatzeko. Euskal Autonomia Erkidegoko ideia eta proiektu ekintzaileen lehiaketa nabarmenena da gaur egun. Sarien edizio honek 37 enpresa-ekimen jaso ditu bio/osasunaren, industriaren/jasangarritasunaren, fabrikazio aurreratuaren eta IKTen sektoreetatik.

Enpresa irabazleen berri gaur eguerdian eman dute Eibarren, Euskal Autonomia Erkidegoko ekintzailetzaren, enpresen, hezkuntzaren eta erakundeen esparruko ordezkari ugari bildu dituen ekitaldian.

‘Enpresa Asmoak’ eta ‘Enpresa Berria’ kategorietako sariek 10.500 euroko diru kopurua ematen dute eta laguntza-programak, prestakuntza eta aholkularitza eskuratzeko aukera eskaintzen dute. ‘Nazioartekotzeko Babesa’ saria lortzen duen enpresak laguntza ekonomikoak eta aholkularitza izaten ditu, beste herrialde batzuetan garatzeko prozesuari aurre egiteko.

Surphase enpresa izan da irabazle ‘Enpresa Asmoak’ kategorian, eta Ekolber enpresak sari bikoitza lortu du edizio honetan, ‘Enpresa Berria’ kategorian irabazteaz gain, ‘Eibarko Udalaren sari berezia’ ere eskuratu baitu. Naru Intelligence enpresak ‘Nazioartekotzeko Babesa’ saria jaso du. Gainera, ‘Iñaki Goenaga’ aitorpenak eman dizkiete BOJ enpresa eibartarrari eta Alimek enpresari.

Toribio Echevarria Sarien 29. edizioko enpresa irabazleak

‘Enpresa Asmoak’ kategoria

  • ‘Enpresa Asmoak’ saria

Surphase: ur-arazketako mintzen fouling-aren aurretiazko detekzio-sistema, gaur egun erabiltzen diren teknologien sentikortasuna hiru magnitude-ordenatan gainditzen duena.

‘Enpresa Berria’ kategoria

  • ‘Enpresa Berria’ saria

Ekolber: kautxu termoplastiko berri baten fabrikazioa, kolageno ugariko abeltzaintzako hondakinetatik lortua, teknologia jabedun patentatu baten bidez. Plastikoak eta kautxuak transformatzeko teknika konbentzionalekin prozesatzen da: injekzioa, estrusioa, konpresioa eta termokonformazioa. Produktu jasangarria da eta ia ez du karbono-aztarnarik.

  • ‘Nazioartekotzeko Babesa’ saria

Naru Intelligence: adimen artifizialeko sistemak aplikatzea onkologian eta beste gaixotasun kroniko batzuetan emaitzak hobetzeko.

EIBARKO UDALAREN SARI BEREZIA

Ekolber.

Sari hori, 10.500 eurokoa, edozein kategoriatan irabazle edo finalista suertatzen den proiektuetako bati ematen zaio, baldin eta jatorria edo kokapena Eibarren izateko eskakizuna betetzen badu edo herri horretan gutxienez 2 urtez kokatzeko konpromisoa hartzen badu. Laguntza ekonomikoaz gain, BIC Gipuzkoak zuzentzen duen PADEM (Ekintzaileentzako eta Start-upentzako Zuzendaritza Programa Aurreratua) prestakuntza-programan parte hartzeko aukera eskaintzen du sari horrek. Udalerrian enplegua eta jarduera berritzailea sortzen duten enpresa-proiektuen garapena bultzatzea eta aitortzea da sari berezi horren asmoa.

 2019ko ‘Iñaki Goenaga’ Aintzatespena Eibarko enpresari

BOJ

BOJ bodegako produktuak, etxeko gauzak, etxetresna elektrikoak eta etxetresna elektriko txikiak mundu osoan merkaturatzen dituen Eibarko enpresa bat da. BOJ enpresa, 1905. urtean Gipuzkoan sortua, metalezko piezen fabrikazioan aritzen da, eta Eibarko industriak berrasmatzeko izan duen gaitasunaren adibide adierazgarrienetako bat da. Bere jardueraren bilakaerari jarraikiz, hainbat produktu-lerro garatu ditu sukaldearen esparruko premia guztiei erantzuteko. Bere merkataritza-eremuak hainbat merkatu hartzen ditu: Txina, Ekialde Ertaina, Egipto, AEB, Magreb, Asiako hego-ekialdea, Korea, Vietnam eta Europar Batasuneko herrialde guztiak.

2019ko ‘Iñaki Goenaga’ Aintzatespena

Alimek

Alimek duela 25 urte BIC Gipuzkoaren ingurunean sortutako enpresa da. Aholkularitza integraleko zerbitzuak eskaintzen ditu elikagaien kalitatearen eta segurtasunaren arloan. Nekazaritzako elikagaien industriaren kate osora zuzentzen du jarduera, hasi produkzio primarioan eta azken kontsumitzailearengana iritsi arte, eta ontzi-, enbalaje- edo garraio-enpresak bezalako sektore osagarriak ere hartzen ditu barnean.

Sari-banaketa

Toribio Echevarria Sariak banatzeko ekitaldia gaur eguerdian izan da Eibarko Ik4-Tekniker zentroan. Bertan izan dira, besteak beste, Gipuzkoako diputatu nagusia, Markel Olano, Eibarko alkatea, Miguel de los Toyos, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatua, Imanol Lasa, eta Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetzaren, Berrikuntzaren eta Informazio Gizartearen zuzendaria, Aitor Urzelai.

Egin dituzten mintzaldietan, den-denek nabarmendu dute jarduera ekintzaileak zer-nolako balioa duen Gipuzkoako enpresa-ehunaren transformazioan, haren lehiakortasunaren hobekuntzan eta lurraldearen etorkizunerako sektore estrategikoei lotutako jarduera berrien garapenean.

Etorkizuneko erronkei aurre egiteko ildo horretan bertan, Gurutz Linazasoro neurologoak gizartearen bilakaera baldintzatuko duten alderdi nagusien berri eman du “Etorkizun demografikoaren erronka” izeneko hitzaldian.

Toribio Echevarria Sariek helburu nagusi hauek erdietsi nahi dituzte: oinarri teknologikoa duten ideia eta enpresa berritzaileak garatzea, kalitateko enpleguaren sorrera ahalbidetzea, enpresetan berrikuntza teknologikoa bultzatzea eta ekintzailearen figuraren balioa nabarmentzea.

Lehiaketa hau sortu zenetik, 600 enpresa-ideia eta -proiektu baino gehiago aztertu dira. Aurreko edizioetan saritutako proiektuek 38 milioi euro inguru inbertitu dute, eta 800 bat lanpostu sortu dute, goi-mailako kualifikaziokoak gehienak.

Toribio Echevarria Sariak Eibarko Udalak eta BIC Gipuzkoak bultzatzen duten ekimena dira eta bertan parte hartzen dute Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Ekintzailetzaren, Berrikuntzaren eta Informazio Gizartearen Zuzendaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuak. Laguntzaile dira, halaber, Gipuzkoako Bazkundea, Elkargi, APD, El Diario Vasco, SPRI, eta Adegi, Cebek eta SEA enpresaburuen elkarteak.

Toribio Echevarria Sarien epaimahaiak hautatu ditu bederatzi finalistak
UPTEK, fabrikazio aurreratu eta digitalerako StartUP-en elkarte berria