Hautagaitzak aurkezteko epea ekainaren 22an amaitzen da
Eibarko Udalak eta BIC Gipuzkoa erakundeak gaur goizean aurkeztu dute Toribio Echevarria Sarien aurtengo edizioa. Duela 31 urtetik banatzen diren sari horiek erreferentzia bihurtu dira Euskadiko ekimen berritzailearen arloan, batik bat arlo zientifikoko edo teknologikoko ekintzailetza-ekimenak hautatzen eta bultzatzen dituzten heinean. Irabazleek, sari bakoitzaren diru kopuruaz gain, laguntza, finantzaketa, aholkularitza, mentoring eta prestakuntzako programak baliatu ahal izango dituzte.
Aurten sariak ohiko egutegira itzuliko dira, COVID-19aren pandemiagatik eta osasun-krisiaren baldintzengatik 2020an aldatu ostean. Hautagaitzak aurkezteko epea datorren ekainaren 22an amaitzen da.
Aurreko urteetan sariak bi kategoriatan banatu dira, “Enpresa-asmoak” eta “Enpresa berria”. Sari horietako bakoitzak 10.500 euroko babes ekonomikoa du, eta laguntza, prestakuntza eta aholkularitzako programak baliatzeko aukera ematen du. Era berean, beste sari batzuk ematen zaizkie ekintzailetza-ekimenei, horien garapen teknologikoa edo nazioartekotze-prozesua babesteko.
Sari horiekin batera, eutsi egiten zaie joan den urtean Eibarko Udalak sortutako bi sari bereziei, “Eibarko enpresa” eta “Espezializazio estrategikoa” sariei. Bi sari horien bidez hiriko berrikuntza eta ekintzailetza berritzaile eta teknologikoaren alde egindako apustua indartuko da. Izatez, bi sari horiek Eibarren jatorria duten edo bertan kokatzeko konpromisoa duten enpresei zuzentzen zaizkie, zehazki merkatuarentzat balio argia dutenei eta inbertsioak egiteko eta enplegua sortzeko ahalmen handia dutenei. Bi sari horietako bakoitzak 10.500 euroko laguntza du eta BIC Gipuzkoaren prestakuntza espezializaturako zenbait programa baliatzeko aukera.
Halaber, sari horien esparruan, Eibarko Udalak “Iñaki Goenaga aitorpena Eibarko enpresari” aintzatespena ematen du urtero, udalerrian dauden enpresen bilakaera eta enpleguarekiko eta garapen ekonomikoarekiko konpromisoa nabarmentze aldera.
Toribio Echevarria sarien 31. edizioak indartu egiten du ekintzailetza-ekimen berritzaileak eta teknologikoak sustatzearen aldeko apustua, baita ekintzaileei haien jardueraren hasieran laguntzeko apustua ere.
Jon Iraola Eibarko alkatea, Marisa Arriola BIC Gipuzkoako zuzendaria eta Ana Telleria Garapen Ekonomikoa, Enplegu eta Berrikuntza zinegotziak sarien deialdia aurkeztu dute gaur goizean Eibarko udaletxean, oinarri teknologikoa duten ideien eta enpresa berritzaileen garapena sustatu eta kalitateko enpleguaren sorrera bultzatzeko helburuari jarraipena emateko.
Bere mintzaldian, Jon Iraolak deialdi honek duen balioa nabarmendu du azken urtean bizi dugun testuinguru sozial eta ekonomikoan: “Pandemiaren ondoriozko krisi ekonomikoak ziurgabetasun handia sortzen du gure enpresa-sarean. Osasun-krisiaren aurretik genuen errealitatea oso modu nabarmenean aldatu da, gure enpresen ekimen- eta berrasmatze-gaitasuna proban jarriz, eta, aldi berean, ideia eta proiektu berriak sortzea bultzatuz. Horregatik, uste dut meritu handikoak direla azken hilabeteetan gizarte-aldaketak aukera bihurtzeko eginahalean ari diren ekimen guztiak. Eta Eibarrek horretaz badaki. Historian zehar, Eibarko industriak jakin izan du bere produktuak unean uneko errealitateei eta premiei egokitzen. Horregatik, zalantzarik gabe, maila ekintzaile handiko proiektuak ikusi eta ezagutu ahal izango ditugu Toribio Echevarria sarien edizio berri honetan.”
Jon Iraolak deialdiaren balio handia nabarmendu du, batik bat azken urte honetan izan dugun gizarte- eta ekonomia-testuinguruan. Ildo horretan, alkateak nabarmendu du “Espezializazio estrategikoa” sariaren helburua dela Eibarko Udalak definitutako eta babestutako espezializazio estrategikoko arloak garatzen laguntzea, hau da: Manufaktura Aurreratua —batez ere mikrodoitasuneko mekanika eta robotika—, Energia eta Kirola.
Bestalde, BIC Gipuzkoako zuzendari kudeatzaile Marisa Arriolak nabarmendu duenez, COVID-19ak sortutako egoeraren gainetik, “2020an Gipuzkoako jarduera ekintzaileak bultzada handia izan du, eta iaz dinamismo handia lortu zuen, bai proiektu berriak aurkezteari dagokionez, bai startup-ak sortzeari dagokionez. Baina, horrez gain, urte historikoa izan da BICek babestutako zenbait proiektuk kapital pribatua erakartzeari eta azaleratzeari dagokionez. Eta, horrek guztiak seguru isla izango duela sarien ekitaldi honetarako jasotzen ditugun hautagaitzetan”.
Eibarko Udalak eta BIC Gipuzkoak sustatutako ekimen honetan parte hartzen dute Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren Zuzendaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapena, Turismo eta Landa Ingurunea Departamentuak. Era berean, Gipuzkoako Ganberaren, Elkargiren, APDren, El Diario Vascoren, SPRIren, eta Adegi, Cebek eta SEA enpresaburu-elkarteen babesa du.