TORIBIO ECHEVARRIA SARIEN 33. EDIZIOKO KATEGORIA EZBERDINETAN 32 HAUTAGAITZA AURKEZTU DIRA

Une honetan epaimahaia proposamenak ebaluatzen ari da, ekainaren 21ean finalistek beren proiektuak aurkeztu ahal izango dituzte epaimahaiaren aurrean, eta, uztailaren 5ean, sariak banatuko dira Teknikerren

Sarietara aurkeztu diren proiektuak Biologia/Osasuna, Teknologia berriak, Industria eta Iraunkortasuna edo Fabrikazio aurreratua sektoreetakoak dira, eta Gipuzkoatik (27), Bizkaitik (3) eta Arabatik datoz

Maiatzaren 24an amaitu zen Ekintzailetza Berritzailearen Toribio Echevarria sarien 33. edizioko kategorietara aurkeztu daitezkeen hautagaitzak aurkezteko epea, eta 32 proposamen aurkeztu dira. Haietatik 18 “Ideak/Enpresa Proiektuak” kategorian aurkeztu dira, eta gainerako 14ak “Enpresa Berria” sarira. Gainera, 4k izango dute aukera Udalak ematen dituen “Eibarko Enpresa”sari berezietan parte hartzeko.

Une honetan, epaimahaia proposamenak ebaluatzen ari da.  Ekainaren 21ean, finalera sartzen direnek beren proiektua aurkeztuko dute epaimahaiaren aurrean, eta uztailaren 5ean emango dira ezagutzera irabazleak Teknikerren egingo den sari-banaketan.

32 proiektuetatik 27 Gipuzkoatik datoz, 3 Bizkaitik eta 2 Arabatik. Bestalde, sektoreei dagokienez, 12 teknologia berriekin daude lotuta, 10 biologia/osasunarekin, 7 industriarekin eta iraunkortasunarekin, 2 fabrikazio aurreratuarekin eta 1 beste sektore batekoa da.

“Ideak/Enpresa Proiektuak” eta “Enpresa Berria” kategorietako proposamen irabazleek 10.500 euroko diru-saria jasoko dute, eta proiektu horiek garatzeko funtsezkoak diren laguntza-, finantzazioa-, aholkularitza-, mentoring- eta prestakuntza-programetan parte hartzeko aukera.

Horiez gain, sari bat dago nazioartekotze-bidean laguntza behar duten enpresa-ekimenetarako.  Gainera, Udalak beste bi sari berezi ere emango ditu “Eibarko Enpresa” eta “Espezializazio Estrategikoa” izenekoak, herrian enpresa-sare berritzaile eta lehiakorra garatzen laguntzeko.

Bi sari horien diru-kopurua 10.500 eurokoa da bakoitzarentzat eta BIC Gipuzkoa erakundearen bidez formazio espezializatua jasotzeko aukera eskaintzen dute. Bi kasuetan, oinarriek ezartzen dute enpresa irabazleek egoitza Eibarren izan behar dutela edo Saria eman eta gehienez urtebeteko epean herrian ezartzeko konpromisoa hartu behar dutela, bi urterako gutxienez.

Jon Iraola Eibarko jarduneko alkateak hauxe adierazi du: “Sari hauek erakusten dute Eibarko Udalak apustu sendoa egin duela ekintzailetza eta berrikuntza teknologikoaren alde, enpresen dibertsifikazio eta indarberritze estrategia gisa; izan ere, estrategia horiek ahalbidetzen dute industriaren hobekuntzan aurrera egitea, enplegua sortzea, eta, beraz, herritarren bizi-kalitatea hobetzea”.  Eta, alde horretatik, “esan dezakegu ekintzailetzan oso osasuntsu gaudela, urtez urte, Toribio Echevarria sarien deialdiarekin, balio berritzaile eta teknologiko handiko proiektuak eta ideiak jasotzen ditugulako”.

Bestalde, Marisa Arriola BIC Gipuzkoako zuzendari kudeatzaileak adierazi duenez, “sari hauek enpresen garapenarekin, berrikuntzarekin eta lehiakortasunarekin dugun konpromisoa berritzen dute urtero, estrategia horiek giltzarri baitira etorkizunerako.  Berrikuntza eta ekintzailetza sustatzen ditugu gure ingurune ekonomiko eta sozialean inpaktu positibo bat izateko.  Horregatik, sari hauek abagune paregabea dira pertsona ekintzaileen eta enpresen talentua eta sormena ezagutarazi eta saritzeko”.

Toribio Echevarría sariak Eibarko Udalak eta BIC Gipuzkoak sustatzen dituzte, eta haien helburua da Euskadiko startup eta enpresa-proiektu berritzaile zientifiko-teknologiko nabarmenen ekimen ekintzaileak saritzea eta egitasmo horien sustatzaileei laguntza ematea jardueraren hasieran. Honako erakundeek ere parte hartzen dute ekimenean: Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoa Foru Aldundia, Gipuzkoako Bazkundea, Elkargi, APD, SPRI, Adegi, Cebek eta SEA.

Toribio Echevarria sarien 33. edizioaren emaitzak

2022an egindako azken edizioan, 32 hautagaitza aurkeztu ziren guztira eta haietatik 15 proiektu finalista hautatu ziren. Proiektu haien jarduera-alorrak osasuna, foodtech-ak, biozientziak, kirola, material berriak eta mugikortasuna izan ziren. Sari-banaketan, Ventipet startupak, ‘Ideiak/Enpresa Proiektuak’ kategorian, eta Robtrusion – Industrias Químicas Irurena-k, ‘Enpresa Berria’ kategorian, jaso zituzten sari nagusiak.

Bestalde, Cycling Dynamic Trainers, Wellk Software Solutions eta Trak Health Solutions enpresek Eibarko Udalak emandako bi sari bereziak eta Nazioartekotzearen Saria jaso zituzten, hurrenez hurren.

Martxan da ekintzailetza berritzailea sustatzeko Toribio Echevarria Sarien 33. Edizioa
Toribio Echevarria ekintzailetza berritzailearen sarien 33. edizioan 10 proiektu finalista hautatu dira